Gabonetan aisia, familiako adiskidetzea eta herriko merkataritza bultzatuko dituzte Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko abe. 13a, 20:37

Aurten ere Getxo udalerrian jarduera franko eskainiko dira Gabonetan, txikienei astialdirako aukerak eskaini, lana eta familiako bizitza bateratzen lagundu, herriko merkataritza bultzatu, merkataritzako jarduera dinamizatu eta euskararen erabilera sustatzeko. Ekitaldien antolakuntzan Udaleko hainbat sailek eta erakunde autonomoek, Musika Eskolak, Getxo Kirolek eta Kultur Etxeak, hartu dute parte. Ezin ahaztu, udalerriko hainbat kultur eta gizarte elkartek emandako laguntza. “Herriko elkarteen partaidetza ezinbestekotzat jotzen dugu eta horregatik, beste behin ere, beren esfortzua eta lana balorean jarri nahi ditugu”, azpimarratu du gaurko prentsaurrekoan Imanol Landa alkateak. Horren harira, Olentzeroaren etorrerak eta horren inguruan antolatutako jarduerek hainbat egun beteko dituzte, ohiko kalejirez gain, tailerrak, pailazoak, ikuskizunak eta abar izango baitira, batzorde desberdinek antolatuta, Udalaren laguntzarekin. Batzorde horietan udalerriko elkarte eta kolektibo ugarik hartzen dute parte, esate baterako, Horra Horra Algortako Olentzero Batzordeak, Berantzagi Dantza taldeak, Itxas Argia Dantza taldeak, Zasi Eskola Dantza taldeak, Ziztu Bizianek, Romoko Jai Batzordeak, Txatxalin Gobelako Guraso Elkarteak eta Neguriko Gobela Taldeak. Informazio guztia, zehatz-mehatz, aste honetan "Getxoberria"-rekin batera banatu den gehigarrian dago. Baita udal webgunean ere. Jarduera guztien berri emango da unean-unean. Argazkia: © Getxoko Udala.

“Ekimen guzti hauek bultzatzerakoan daukagun filosofia da herritarrek ondo pasatu, jai tradizionalez gozatu eta Getxon erosteko aukera izan dezaten; ez datza gehiago erostean, behar duguna udalerrian bertan erostean baino, gure dendetan eskaintza zabala eta kalitatezkoa baitago. Gure udalerria Gabonetan ere bizirik eta dinamiko mantentzen lagundu nahi dugu bultzatuko ditugun jarduera hauekin, egunotan bai getxotarrei bai udalerrira hurbiltzen direnei zuzendutako ekintzen bitartez. Izan ere, aisialdia eta adiskidetzea eta herritarren arteko harremanak eta bizikidetza erraztu nahi ditugu”, azaldu du Landa alkateak.

Hemendik eta urtarrilaren 5era bitartean programaturiko jarduerak anitzak dira oso: hala nola, Olentzeroaren eta Errege Kabalgataren desfileak (tailerrak, pailazoak, kalejirak bezalako ekintza osagarriak barne), Kultur Etxeak Itzubaltzeta / Romon eta Algortan antolatutako umeentzako tailerrak, Musika Eskolako haur-antzerkia, Musika Eskola horretako ikasleen kale-girotzea, Gazteleku eta Ludotekaren jarduera eta ordutegi bereziak, eta horiekin batera ere, kale-animazioa izango da Getxopariak edo gabon-iratxoekin, GetxOn kanpainaren harira herriko dendetako bezero leialei opariak eginez. 2011n abiatu zen kanpaina udalerrian, Merkataritzaren Mahaiak bultzatuta, getxotar beraien eta bisitarien aurrean Getxoko saltoki eta taberna guztien irudi bateratua sortzeko asmoarekin.

Udalak antolatutako jarduera anitz eta ugari hauei gehitu behar zaizkie Udalak laguntzen dituen beste batzuk, esate batera, ohiko kirol-campusak (11 modalitate desberdinekin), Bizarra Lepoanek antolatutako euskarazko egonaldiak, udalerriko zenbait elizatan egingo diren hamar gabon-kontzertu baino gehiago, edo Getxo Enpresaren “Gabon magikoak” ekimena, Algortan, Romon eta Areetan magiazko ikuskizunak barne hartzen dituen ekimena, hain zuzen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun