Ramon Maria Labaien Santsinenea Tolosan jaio zen 1928ko abuztuaren 31ean. Bere aita, Antonio Maria Labaien idazle esanguratsua izan zen (euskaraz egindako antzerkiaren aita) eta EAJko politikaria (II. Errepublika garaian Tolosako alkate izan zen). Guda zibil garaian, familiak “mugaren” beste aldera joan behar izan zuen eta Donibane-Lohitzunen eta Saran aurkitu zuten babesa. Madrilen Kimika Zientzietan lizentziatua, kontserba industrian lan egin zuen Nafarroan eta Ingalaterran, eta geroago sektore turistikoan jardun zuen. 15 urtez Donostiako Londres hoteleko zuzendari izan zen. 70. hamarkadaren hasieran Donostiako alkateorde eta Donostiako Aurreski Kutxako presidente izan zen, 1980 urtean Francoren diktadura ostean eratu zen lehen Eusko Jaurlaritzako Kultur sailburu egin baino lehen. Kargu honetatik, Labaien funtsezko lana egin zuen euskal autogobernuaren beraren muina osatzen duten erakundeak martxan jartzen, besteak beste Euskal Telebista, HABE eta Euskadiko Orkesta Sinonikoa, euskara babesteko ekintzak nazioarteko kulturara zabaldutako ikuspegiarekin uztartuz, betiere. Hainbat eta hainbat prentsa artikulu idatzi zituen Labaienek, eta azken aldian izan da Izadia izeneko taldeko kide, besteak beste Jose Miguel Zabala edo Javier Chalbaudekin batera. Bere azken artikulua, "Deia" egunkarian aurtengo azaroaren 28an argitaratu zen hartan, gaur egungo gai nagusien birpasa orokorra egin zuen, besteak beste jorratu zituen Fagorren bizi izan den krisia eta Catalunyako prozesu burujabea.
“Ramon Labaien izan da eta beti izango da guretzat, sinesmen sendoak zituen abertzale eta jeltzale zintzoa. Ezinbestekoa izan zen laurogeigarren hamarkadan euskal erakundeak martxan jarri behar izan ziren garaietan. Beti izan da euskal kulturaren eta pentsamendu abertzale eta jeltzalearen ekintzaile sutsua, izaera hau ere bere izaera kosmopolitan oinarrituta. Gure jakintsuetako bat joan zaigu” esan du doluminez Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak.
Hil-kapera gaur arratsaldean jarri da Donostiako Zorroaga beilatokian. Hileta-elizkizuna astelehenean egingo da 18:00etan Tolosan. Goian bego, Ramon Labaien.
Euzko Alderdi Jeltzalea