Blue Spirits hasierako izena bidean utzi eta haien buruak The Reverendos lez berbatailatuta, laukotea AEBetako 40 eta 50eko hamarkadetako musikaren inguruan murgildu da 1997an batu zenetik. Sasoi horretako musika beltza, Kaliforniako West Coast bluesa eta T-Bone eta Freddie Kingen musikaren eragina dutela aitortzen dute.
"Let´s Voodoo" abestiak zabaltzen du diskoa, Louisianako zingiretara eramaten gaituena. Akabuko kanta, "The Music will continue until we die"-k, berriz, New Orleanseko soinuak ekartzen ditu. Halere, Memphis, Austin edota Los Angeleseko kaleetako doinuak ere presente dira laukoatearen lan berrian.
Diskoa, haurreko hiruak bezala, musikari denak elkarrekin grabatu dute, gaur egun ohikoena izaten den bakoitza bere aldetik egin ordez. "Ez zaigu gustatzen pistetan grabatzea, reggaetonen antzera", barre egiten dute getxoztarrek. "The cool sounds of The Reverendos" autoekoizpena da, eta AEBetan ere argitaratzeko asmoa dute, Mofungo Records diskoetxearekin. "Jackson hirian disko-denda daukan lagun bat dugu, eta harek lortu du. Ez dakigu zenbat disko saldu dituen, baina...", azaldu dute. Oraingoz, CD formatuan kaleratu dute, baina baliteke biniloan ere ateratea.