Alimaleko lantaldea
Bertsozale Elkarteak 350 lagun baino gehiago jarriko ditu lanean final egunean dena ongi atera dadin. Langileak ongi identifikatuta egongo dira eta entzuleak lagunduko dituzte, saioa hasieran, bitartean eta amaieran. Bertsozale elkarteko langile eta borondatekoen lantalde prestua da eta momentu oro haien argibideak segitzea eskatzen du antolakuntzak.
Mintzolaren terraza zientifikoa
Azken urteotan munduko gainerako herrialdeetako aditu, ikertzaile eta inprobisatzaileekin harremanak estutzeko ahalegin berezia egiten ari da Mintzola Fundazioa. Lotura horiek indartzeko asmoz, finalean Terraza Zientifikoa antolatu du eta atzerriko ordezkaritza zabala izango da bertan, Euskal Herriko adituekin batera.
Finaleko aldizkaria
Bertsozale Elkarteak eta "Berria" egunkariak aldizkari berezia argitaratu dute gaurko. Bertsozaleak aulkian aurkituko du 24 orrialdetako argitalpena. Finalari buruz jakin beharrekoak, Bertsozale Elkarteari buruzko informazioa eta bertsolaritzarekin lotutako hainbat proiekturen berri bilduko ditu finaleko aldizkariak.
Finala pantaila handian Leioan
Gaurko finalerako sarrera guztiak agortu ziren orain dela hainbat aste. Bertatik bertara finala ikusteko aukera izango ez dutenek zuzenean segitzeko hainbat modu izango dituzte.
Leioan, Ongi Etorri! topalekuak bertso finala pantaila handian eta giro onean zein euskaltzalean ikusteko aukera eskainiko du arratsaldeko 5etatik aurrera. Amu erakargarriak jarri dituzte gainera, pintxoak, txokolatea eta apustuak izango direla, besteak beste.
ETBk Hitzetik Hortzera saioaren emanaldi berezia egingo du eta oso-osorik eskainiko du finala zuzenan. Aitzol Barandiaran, Josu Goikoetxea eta Ilaski Serrano izango dira emaldiko aurkezleak. Bizkaia irratiak, Euskadi Irratiak, Info7 irratiak... ere saio bereziak egingo dituzte.
Horrez gain, Txapelketa osoan egin duen bezala, Bertsoa.com interneteko atariak ere zuzenean eskainiko du finala, www.bertsoa.com webgunean.