Amets Arzallusek irabazi du gaur Barakaldoko BECen jokatu den
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, 1.737,5 puntu batu dituela. Arzallus da txapelketa irabazi duen Ipar Euskal Herriko lehenengo bertsolaria, 1967ko buruz burukoaren ostean "Xalbador" txapelarik gabe utzi zutela. Halere, Fernando Aire Etxartek irabazi izan balu ere, lehenengo bertsolari lapurtarra litzateke gaur nagusitu den Arzallus hendaiarra. 13.500 bertsozalek bete dute aretoa, eta gozamen ederra hartu dute, hainbatetan burrunbaka, olatua eginez, txalo zaparradaz edo zutituz eskertu dietela bertsoak eta egun osoan erabili duten irribarrea zortzi finalistei. Bigarren postua aurreko txapeldunarentzat izan da, Maialen Lujanbiok 1.686,5 puntu pilatuta. Haren ondotik sailaktu dira Igor Elortza (1.164), Aitor Mendiluze (1.155), Aitor Sarriegi (1.106), bere azken finala izan dela aitortu duen Unai Iturriaga eta Beñat Gaztelumendi puntu berdinekin (1099) eta Sustrai Colina (1.082,5). Argazkian, Juanito Dorronsorok jantzi dio txapelak, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colinaren begiradapean.