Gabonetarako haurrentzako antolatutako egitarauaren berri eman du jada Barrikako Udal Kultur Guneak. Hasteko, igande honetan, abenduak 22, "3, 2, zast... egizu jolas!" familiarentzako euskarazko antzerkia izango da Ander Deuna kultur aretoan, Goierrin. Hitzordua 18:00etan izango da, sarrera doan. Antzezlanaren ostean, Olentzerori gutuna idazteko tailerra egongo da. Hain zuzen ere, hilaren 23an izango du jaitsiera ikazkin zaharrak Barrikan. Horrenbestez, aipatu astelehenean, 16:30ean helduko dira Ander Deuna kultur aretora Olentzero eta Mari Domingi. Makilaje tailerra ere izango da ordu horretan. Kalejirari 17:30ean emango diote hasiera Milagros aparkalekuan, antzerki animazioa, euskal dantzak, trikitixa doinuak... lagun. Behin, Iparralde, hondartza / Golfo Norte, Garramune eta frontoia igarota, elizan egingo diote harrera Olentzerori, 19:30 inguruan. Gabonetako antzerkia, txokolatea eta gaztaina erreak ere izango dira bertan. Barrikako Udal Kultur Guneak "kaseroz" jantzita joatera animatu ditu herritarrak. Argazkian, Olentzero eta Mari Domingi eskualdean barrena / © Sopelako Udala.