Aurtengo Gabonetan ere “Getxopariak” izango dituzte tokiko saltzaile eta ostalariek: bihar, asteartean, hilak 17, 18:30ean, Areetako Paulino Mendibil eta Andres Larrazabal kaleetako elkargunean aurkeztuko diren iratxoak, alegia. Pertsonaia horiek opariak banatuko dituzte, hala nola, zine, antzerki edo musika saioetarako sarrerak..., udalerriko denda edo tabernaren batean getxoztarrak aurkitu eta haiei erosketa-txartela erakusten badiete. Establezimenduek lagunduta Udalak bultzatutako ekimenarekin, merkataritza dinamizatu nahi da Gabonetan, alorrerako funtsezkoa den aldia baita, hori guztia GetxOn kanpaina orokorraren barruan. Imanol Landa alkateak adierazi duenez, “iaz bezala, Gabonetako erosketak udalerriko dendetan egitea bultzatzen saiatzen ari gara. Gure asmoa Getxoko komertzioari laguntzea da, auzokideok bertoko dendetan erostea ahalbidetzea. Pertsonaia hauek Getxoko saltokienganako leialtasuna saritzen dute”. Lehen saria hurbileko denda batean emango du Landak, bihar bertan, Areetan, ekimenaren aurkezpen ekitaldiaren ondoren. Argi-joko berezia izango da aurkezpen saioan, inguruko etxeetako fatxadetan proiektatuko dena, eta horrez gainera, musika eta iratxotxoak ere izango dira bertan. Argazkian, besteak beste, Itziar Epalza zinegotzia, Imanol Landa Getxoko alkatea eta iratxoetako bi iaz / © Getxoko Udala.