Sopelako Udalbatzak 2014rako aurrekontuak onartu zituen atzoko osoko bilkuran. Hori 12.507.899 eurotara helduko da, hots, iaz luzatutako 2012ko aurrekontua baino %4,45 handiagoa (11.975.202 euro), eta inbertsioak 900.000 eurotara helduko dira.
Proposamena aurkeztu ostean, alkatetzak hainbat bilera izan ditu akordioak lortzeko asmoa izan duten oposizioko alderdiekin, udal iturriek adierazi dutenez. Azken asteetan, Bilduren udal gobernuak bilerak egin ditu EAJ eta PSE-EEren ordezkariekin, berain ekarpenak jasoz eta proposamenak zehaztuz. "Elkarlanean aritu dira hiru alderdiak, eta azkenik, hiru alderdien esfortzuari esker, 2014. urteko aurrekontua onartzeko adostasuna lortu da", nabarmendu dute Sopelako Udaletik. Akordioan EAJk eta PSE-EEk aurrekontuen onarpena erraztu behar zutela aurreikusten zen, euren babesaren bidez edo abstentzioarekin. Gauzak horrela, atzoko udal bilkuraren bozketa honakoa izan zen: Bilduk alde bozkatu zuen (7), EAJ (7) eta PSE-EE (2) abstenitu ziren eta PP-k (1) kontra bozkatu zuen. Argazkian, udaletxe sopeloztarra / ©
Sopelako Udala.