Kontua da, liburu hori ez dela edozein liburu, zarama beste apalategi hoberik merezi ez duena baizik, leioaztar, ikerlari eta euskaltzale ororen lotsagarri. Liburuak kritika gogorrak jaso zituelarik, liburua bera eta liburua txertatuta zegoen bilduma argitalpenen katalogotik erretiratua zuten. Ika-mikak ere sortuak omen ziren liburuaren kontura aipatu Batzordearen barruan bertan ere. Liburua ez da txarra eskrupulurik eta etikarik gabeko egile lardats batzuek egin dutelako, lagunkeria eta gomendiokeria bultzatu eta onartu duen Erakundearen errua da bete-betean. Ez da, gainera, Batzorde horren ekimenez argitaratu den gezurrez betetako liburu iruzurti bakarra, aurrekoa burutu zuten egile berberen Gernikako toponimia ere hortxe dago, besteak beste, nazien bonbardaketak dokumentazioa desagertarazi zuelako aitzakia merkearekin hogeita bat (21) toponimo besterik ez duena artxiboetatik jaso, holako lanetan ohikoak diren milaka izenen lekuan.
Hasiera batean, Bizkai aldean bereziki ziharduen honelako lanak burutzen Mikel Gorrotxategik zuzendutako taldeak. Araban ere sartuak ziren barrabaskeriak egiten Felix Mugurutzaren eskuaz baliaturik eta gutxika-gutxika Gipuzkoa aldean hasita zeuden eskupea zabaltzen. Orain, “Zerbitzu” gisa berrantolaturik eta aipatu Gorrotxategi jauna zuzendari dutela, Iparraldera ere egin berri dute jauzi, monopolioa zabaltzeko estrategia martxan jarrita. Aste honetan bertan administrazioari zuzendutako formakuntza (adoktrinatze) ikastaroa emana dute, bertan Euskaltzaindia toponimia ikerketak egiteko eskumena duen, gai den eta prestaturik dagoen erakunde bakartzat aurkeztuz eta handik aurrera herri-erakundeen enkarguen zain geratuz. Aho asko elikatu behar dituen munstroa sortu dute, entretenitzeko urdail eskertu anitz, eta aspalditik ari dira, etika alde batera utzita, lur errearen politika eginez kosta ahala kosta monopolio erabatekoa ezartzen. Hau ere bada Euskaltzaindia berria.
Andres Urrutia buru duen egungo zuzendaritzak erakundea kudeatzeko erari egotzi zaio errua. Egia da gutxika-gutxika intelligentsia bizkaitarrak, Bilbaoko apezpikutzarena den Labayru erakundean habia duenak, gehiengo absolutua bereganatu duela eta itxurakeriaren politika daramala aurrera. Onomastika Batzordearen lan oker ezin aitortuzkoa, alabaina, lehenagotik dator, muga guztiak zuzendaritza honen pean hautsi baditu ere. Kudeaketa eredu merkantilista honetan langintza eroapentsua ez da bultzatzen eta saritzen dena, ezpada errentagarritasun berehalakoa. Imajinatu ere ezin daitezkeen bateko eta besteko erakunde guztiekin hitzarmenak sinatu eta sinatu dabil Euskaltzaindia, gizarte zibilean monopolio akademiko itogarria inposatuz, “El Correo” egunkariarekin azkena. Etikak eta lanaren kalitatearekiko ardurak lan zabarren bidez tarrapataka bildu diru goseari eta loditu curriculumei utzi die bidea.
Icebergaren punta baino ez da egunotan prentsara atera dena. Sarasolak telebistan esan berri du kontu guzti hau ulertzeko arazoa dela gauza denak ezin direla kontatu, nik neuk ere ezin ditut bestelako okerkeria eta desmasia asko eta asko oraingoz haizeratu.
Konponketa ez bide da erraza izango, baina argi dagoena da eguneko zuzendaritzak eta kudeaketa sistemak ematekoa emana dutela. Tamalgarria litzateke afera hau ustel gainean itxiko balitz. Akademiaren norabideaz hausnartu eta garai berrietara, gardentasun eta prestutasun aldarrietara makurturik, berau errotik aldatzeko beharrik ikusten badute, birmoldatu, birsortu, mehetu dezatela, gizarte zibilizean egun hainbat erakunde baitago Euskaltzaindiak orain artean txartoago edo hobeto burutu dituen lanak aurrera daramatzana. Idazle, esatari, hiztun… ereduzkoak ere baditugu aski. Euskararen araugintza da erakunde publikoek Euskaltzaindiari luzatzen dioten zeregina. Onomastikari dagokionez, Moreu-Rey onomasta katalan handia zenak, Kataluniako ereduaren berri eman ziezagun Euskaltzaindiak behin baino gehiagotan gure artera ekarriak, onomastika ez zela arautu behar, are gehiago, ezin zitekeela arautu esaten zuen aho betean. Nolanahi ere, edozein bide izango da egokiagoa orain aurrera daramaten bide aberrantea baino. Erakunde honek, orain den denean, ez gaitu ez ni ez beste euskaldun asko ordezkatzen.
Ander Ros Cubas toponomastak Sustatu.com Interneteko albistegian idatzitako iritzi artikulua.