Joan den ostiralean bezala, gaur, abenduak 20, gau osoan ibiliko dira trenak,
Metro Bilbao garraio enpresak jakinarazi duenez. "Gabonen aurreko bi ostiraletan, pertsona asko elkartu egiten da eta momentu ona da autoa bere lekuan utzi eta garraio publikoa erabiltzeko", tokiko arduradunek azaldu dutenez. Izan ere, data hauetan ohikoak izaten dira enpresa edo koadrila bazkari zein bazkariak. "Zerbitzu horrekin ostiralean goizean goiz hasi eta igandeko 23:00ak arte izaten den garraio-eskari etengabea ase nahi da", gaineratu dute. Zehaztu dutenez, pasa den ostiralean, 21.565 pertsonak erabili zuten gaueko zerbitzua. Horrenbestez, Metro Bilbaok 65 orduko zerbitzu etengabea eskainiko du ostiral goizetik igande gauera arte. Bihar, larunbata, abenduak 21, San Tomas azoka tradizionala izango da Bilbon. "Herriko jai hori egun osoan luzatzen da eta metroak bidaia-kopuru handienak lortu izan ditu data horretan. Metro Bilbaok eguneko zerbitzua indartu eta gau osoan ere etengabe jarraituko du lanean", zabaldu dute garraio enpresako arduradunek. Argazkian, bidaiariak metro geltoki batean, artxiboko irudian.