Álvaro González Getxoko Udalaren Kirol zinegotziak, txapelketaren aurkezpen ekitaldian, Punta Galeako paraje naturalaren berezitasuna nabarmendu zuen, “itsaslabar ikusgarria baitu, 60 metroko garaiera duena, bere oinean hausten den olatua Europako handienetako eta indartsuenetakoa delarik, 200 metroko ibilbidearekin, eta surflaria adituenen oso gustukoa dena. Horregatik guztiagatik, maila handiko proba da, erakargarria, kirolari beraientzat ez ezik, zale eta oro har jendearentzat ere. Horregatik ere, dagoeneko erreferentziazko jarduera da udalerrian. Ekimen interesgarria da kirolaren ikuspuntutik, baina kutsu turistikoa ere eman nahi diogu”.
Borja del Saz Getxo Surf Taldeko presidenteak, bere aldetik, aipatu zuen “txapelketak munduko bazter guztietatik etorritako surflariak ikusteko ematen duen aukera, Estatu Batuak eta Hawaikoekin hasi eta Brasil, Txile eta Perukoekin amaitzeraino. Beste datu garrantzitsu bat da txapelketa zuzenean emango dutela Interneten bidez eta, hartara, Getxo mundu osoan ikusiko da”.
Iazko irabazleak, Natxo Gonzalezek, azkenik, Punta Galeako olatuaren arriskuaz ohartarazi zuen. “Olatu oso arriskutsua da, inoiz ez baitu leku berean hausten. Uretan ondo kokatuta bazaude ere, ez dakizu norantz jo behar duzuen. Zorte handia eduki eta olatuak hartzeko leku zehatzean egon behar duzu”, esan zuen.
Eszenatokia berezia dela eta, parte hartuko duten surflariak itsasontzietatik sartuko dira uretan. Antolaketakoek lau erreskate-motorrak eta Gurutze Gorriko ontzi bat ipiniko dituzte itsasoan. Jendeak –lehorrean bakarrik batez beste 2000 ikusle espero dira- Punta Galeako itsaslabarretik bertatik ikusi ahal izango dute proba, baita itsasotik ontzietan.
Txapelketari buruzko informazio gehiago: puntagalea@3sesenta.tv, www.3sesenta.tv eta 94 461 44 74 / 656 786 320 telefono zenbakietan.