Sopelak kirolez gainezka egingo du abenduko azken asteburu bietan. Umeei zuzendutako ekintzak izango dira batez ere, eta Urko kiroldegian burutuko dira, Larrabasterran, udal iturriek adierazi dutenez. Larunbat honetan, hilak 21, Basket Eguna ospatuko da, Ugeraga Saskik antolatuta, eta
Sopelako Udalaren lankidetzarekin. Egun osoko egitaraua egongo da. 09:00etan umeentzako txapelketak hasiko dira: preminibasket eta minibasket hain zuzen ere. Parte hartuko duten taldeak honakoak izango dira: Ander Deuna Ikastolako talde biak, Zipiriñe eskolako hiru taldeak eta beste udalerri batzuetako taldeak. Bitartean, zelaiaren beste zatian beste kategoria batzuetako erakusketa egongo da. Era berean, bigarren urtez, Sopela Kopa egingo dute abenduaren 21ean eta 28an. 200 ume baino gehiago elkartu ziren iaz, eta aurten kopuru hori gainditzea espero dute. Antolatzailea Ugeraga taldea da, Sopelako Udalarekin batera, eta kimu eta benjamin kategorietako jokalariei zuzenduta dago. Goizeko 10etan izango dira lehenengo partidak, eta besteak beste, honako taldeek parte hartuko dute: Ugeraga, Ander Deuna Ikastola, Zipiriñe, Barrika, Urduliz, eta abar. Argazkian, Bilbao Basket taldeko jokalari bat umeekin jolasean, artxiboko irudian.