Etxerat elkartetik gure atxikimendu osoa adierazi nahi diogu urtarrilaren 11n, Bilbon, gure senide eta lagunen eskubideen alde egingo den mobilizazioari; eta bide batez, asteburu horretan Espainiar eta Frantziar Estatuan, Ingalaterran, Ipar Irlandan eta Portugalen aurreikusita genituen bisitak burutuko ez ditugula ere jakinarazi nahiko genuke. Honela, euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagun guztiok ere mobilizazio honetan parte hartuko dugu. Guretzat eta preso dauden gure gertukoentzat hain garrantzitsuak diren asteburuetako bisitak alde batera utziko ditugu aste batez. Asteburu horretan ez ditugu gure gertukoengandik urruntzen gaituzten milaka kilometroak egingo, ez dugu errepidean gure bizitza jokoan jarriko. Izan ere, urtarrilaren 11n guztiok eskubideen errespetuarekin zita garrantzitsua dugu! Guztiok baikara beharrezkoak gure senide eta lagunen eskubideen defentsarako lanean. Eta ziur gaude egun horretan euskal gizarte osoak ere bat egingo duela tantaz tanta filosofiarekin. Guk argi baitugu, gure olatuarekin soilik ez dugula helburua lortuko; baina, euskal gizarte osoaren laguntzaz, tantaz tanta itsaso zabala osatzea lortuko dugu! Eta itsaso honen korrontearekin guri eta gure senide eta lagunei aplikatzen zaigun salbuespeneko politika honekin amaitzea lortuko dugu! Argazkian, urtarrilaren 11n presoen eskubideen aldeko "tanta" izatera deitu zuten joan den ostiralean Algortan / © Eskumaldeko LAB.