Alerta laranja eman dute haizeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko abe. 23a, 17:30

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja jarri du indarrean haizeagatik gaur eta biharko. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, abenduaren 23tik 26ra bitartean Britainiar Uharteen mendebaldean kokatutako borraska sakon eta zabal baten eragina jasango du Euskal Autonomia Erkidegoak, eta, horrenbestez, haize bereziki indartsuak eta olatu handiak izango dira. Euskalmetek dioenez, gaur, hego-mendebaldeko haize indartsuak jasango ditugu, egunaren amaierarako hegoaldeko / hego-mendebaldeko ukitua hartuko dutelarik. Haizea astelehen gauean eta astearteko lehen zatian izango da bereziki indartsua. Haizearen eragin handiena Bizkaiko eta Arabako mendebaldean jasango dute, bereziki mendiguneetan. Hala, leku horietan haize boladek 140 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete abenduak 24ko goizaldean eta egunaren lehen zatian. Egoera ikusita, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak beharrezko neurriak hartzea eskatzen die erakunde, elkarte eta herritarrei arriskuak ahalik eta gehien murrizteko. Karpak, instalazioak, Gabonetako apaingarriak... jartzerakoan arreta bereziz jokatzea eskatzen da. Argazkian, hainbat gomendio luzatzeaz gain, larrialdirik egonez gero 112 telefono zenbakira deitzea aholkatu du Jaurlaritzak.

Gainontzeko lekuetan ere haize bolada oso indartsuak izan daitezke, herri eta hirietan 90 kilometro orduko abiadura gainditzera hel daitezkeelarik; 100 kilometro orduko haize boladak izatea ere ezin da baztertu, batik bat abenduaren 24ko goizaldean eta egunaren lehen zatian. Astearte gauean zehar, berriz, haizea baretzen joango da, oraindik ere leku haizetsuenetan 100 kilometro orduko abiadura gaindi dezaketen haize boladak izan badaitezke ere. Gainontzeko lekuetan, berriz, 60 eta 80 kilometro orduko haize boladak izan daitezke.

Abenduak 25ean eta 26an, azkenik, haizeak indarra galtzen jarraituko du; hain zuzen ere, mendebaldeko/ipar-mendebaldeko haizea izango dugu. Haizea baretuagatik, hori bai, bolada oso bortitzak izan ditzakegu oraindik ere, batik bat kostaldean.

Olatu handiak

Jasango dugun borraska sakonak itsasoan ere izango du eragina. Izan ere, astelehen eta asteartean olatuek 3-4 metroko altuera hartuko dute, astearteko azken orduetarako 4,5-5 metrokoak izatera helduko direlarik. Itsasoari dagokionean, baina, egun arriskutsuenak asteazkena 25 eta osteguna 26 izango dira. Asteazkeneko azken orduetan eta osteguneko lehenetan, olatuak 5-6 metro izatera hel daitezke, mendebaleko/ipar-mendebaldeko haize bolada oso bortitzekin bat egingo baitute. Gainera, itsasgora ere kontuan izan beharko da, une horietan egoera are gehiago oker bailiteke (abenduak 25eko 22:20ean eta abenduak 26ko 10:41ean izango da itsasgora).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun