Bestalde, gaurkoan, Leioako Plaza Gorria izango dira Olentzero eta Mari Domingi, 17:00etan, urtarrilaren 11rako deia zabaltzeko asmoz. Bitartean, Algortan, urtarrilaren 3ra bitartean, preso eta iheslari politikoen aldeko elkartasun gunea jarri dute Telletxe plazan, egun batzuetan goizez (11:00-14:00) eta beste batzuetan arratsaldez (17:30-20:30), hainbat helbururekin: Sevilla II presoen senideek bertoko zuzendariari bidaltzeko egindako gutun berria banatu; Algorta eta Getxoko presoei bidaltzeko postala idatzi; urtarrilaren 11ko mobilizaziorako "tantak" bertan egongo dira eskura euro batean... Bestalde, Amnistia tabernan, Gabonetako materiala (arropa,...) salgai egongo da. Baita Ataramiñe kultur elkartea eta argitaletxea plazaratutako uzta berria. Hiru nobedade kaleratu dituzte aurten. Mikel Antzaren "Z2" antzezlana, Jokin Urainen "Agurra eta ohorea. Euskal militanteen heriotzaren kronika" saiakera eta 23 presok idatzitako testuak batzen dituen bilduma. Nobedadeez gainera, Mikel Orbegozoren "Preso nago 2" komiki liburua argitaratu dute berriz.
Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko Sopelako herri bilguneak prestatutako ekimenekin jarraituz, abenduaren 27an, Urteko Azken Ostiralean, kontzentrazioa egingo dute Udaletxeko plazan; eta ondoren kalejiran joango dira Sekeko gaztetxeraino. Hilaren 31n, Gabon Zahar egunean, berriz, preso eta iheslari politikoen aldeko brindisa egingo dute, 19:00etan, udaletxe aurrean.