Ekologistek ez dute aurrekoan sortutako Youtube kontu bera erabili eta komunikabideei bidalitako bideoaren esteka hamar minutuz besterik irauten ez duen posta elektroniko batetik igorri dute, 10minutemail.com zerbitzuaren bidez. Litekeena da horrelako aldaketek segurtasun arrazoiak direla medio erabaki izana.
15 eguneko bahiketa
Algortako Portu Zaharrean zegoen "Getxoko Sirenoa" desagertu zen abenduaren 8an. Bi egun beranduago, bahitzaileek agerraldia egin zuten, bideo-parodia baten bidez, bahisaria eskatu eta HAPOren berrikuspenaren gaineko eztabaida zabaltzeko. Erreskateari dagokionez, 15 eguneko epea eman zioten Imanol Landa alkateari eta Getxo Udalari bi eskaeretariko bat betetzeko, aukeran: batetik, "udalerrian erabili gabeko nabe-industrialak eta etxe hutsak egon bitartean, etxebizitza, nabe-industrial zein errepide berririk ez eraikitzeko konpromisoa publikoki hartzea". Ala, bestetik, "Algortako Telletxe eta Areetako Xake plazetan, zuhaitz autoktonoen kimuen mila ale herritarren artean zabaltzea". Bihar beteko zen epea.
Bitartean, Imanol Landak garratz mintzatu zitzaien artelanaren ebasleei, haien ekintzak "Getxoko herritarrekiko erabateko errespetu falta eta intolerantzia erakusten duelako".
"Non dago Sirenoa?"-ren bigarren kapitulua: "Estokolmo Sindromea" (© Non dago Sirenoa?)