Erandioko Udalbatzak biharko osoko bilkuran eztabaidatuko du EAJk 2014rako aurkeztutako aurrekontu proposamena. Orotara, 30,4 milioi euro dira, 2013an baino %6,36 gutxiago; eta, ezustekorik ezean, PSE-EEren zinegotzien abstentzioari esker aurrera aterako dituzte kontuak jelkideek.
Horixe bera aurreratu du Juan Otermin tokiko sozialisten buruak, "oposizio arduratsua" aipagai. Guztira, 132.000 euro egiten dituzten bost zuzenketa aurkeztu dizkio Erandioko PSE-EEk EAJri; baita jelkideek "dagoeneko itxita dagoen egutegian bere gain hartu beharko dituzten 37 konpromiso politiko" ere. Proposamenen artean dira: Gizarte Ongizate Arloan "esfortzu handiagoa", larrialdi egoeran dauden familiak zein indarkeria jasandako emakumeak hartzeko babes ofizialeko etxebizitzak, alokairuzko udal etxebizitzen baldintzak hobetzeko neurriak... Hala ere, emandakoa "txeke zuria ez" dela ohartarazi dio EAJri Oterminek. Jelkideek "hartutako konpromisoen aurrean begirale" izango direla adierazi du. Argazkian, Juan Otermin Erandioko PSE-EEren bozeramailea.