Punta Begoñako galeriak balioan jartzeko plana onartu du Getxoko Udalbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko abe. 27a, 18:33
EAJ eta Bilduren aldeko botoekin, PSE-EEren abstentzioarekin eta PPren oposizioarekin, Getxoko Udalbatzak "argi berdea" eman zion atzo Punta Begoñako galeriak balioan jartzeko planari. Hori 2013 eta 2024 urte bitartean eramango dute aurrera. 12 urteetan, hiru hirurtekotan banatuta, garatuko den egitasmoak, Gobernu Taldearen arabera, hurrengo hiru balore nagusi ditu: lanen ia hasieratik erabilpen publikoa egon ahal izatea, bere gizarteratzea eta etorkizunari buruzko sormen-eztabaida ahalbideratzea (bere jatorria eta historia ezagutuz) eta oraingo legegintzaldiaren aurrekontua baino ez konprometitzea (2,1 milioi lehenengo hirurtekorako). EHUren diziplina anitzeko adituk eta udal teknikarik osatutako taldea arduratuko da galeriak berreskuratzeaz. Eskarmentu handiko taldea da, orain arte ondarea berreskuratzeko beste hainbat proiektutan parte hartu duena, esate baterako, Gasteizeko Santa Maria katedralean. Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak adierazi zuen onartutako planaren metodologiak monumentuetan zer egin behar den zehazten duen Krakoviako Eskutitzari jarraitzen diola eta bere oinarrietan, besteak beste, hurrengo puntuak agertzen direla: gai desberdinetako adituen partaidetzak dakartzan eskarmentua eta ezagutza, prozesu osoan zehar udal talde politikoek agertutako iritziak, adituen irizpideak eta mundu mailako babes maila handiena duten beste elementu arkitektonikoak balioan jartzeko planen ikerketa.
Planaren oinarrizko ildoak honako hauek dira: berreskuratzea Galerien zaharberritze zientifikoaren bitartez, baita kokatzen den gunearen berriztapen urbanistikoa ere; elementu horren oroimen historikoaren berreskuratzea, getxoztarrentzat gizarteratzeko sinbolo bihurtuz; alor desberdinetako (teknikoetako zein gizartetako) ikerketaren bitarteko ezagutza sortzea eta horren hedapena, eta ekonomia sortzea bai ikerketaren ondorioz bai elementuari, bere materialei eta inguruko naturari buruzko ondorioak ustiatze eta zabaltze posiblearen eraginez.

Eztabaida politikoa

PPk galeriak lurrera bota eta konpontzeko eta bere erabilera zehazteko ideien lehiaketa aurkezteko emendakina aurkeztu zuen eta hori ez zuten onartu. Planaren kontra bozkatu zuen “oso luzea izango delako eta kostu handia eragingo duelako”. PP kezkatuta agertu zen galerien egoeragatik, eta 2009an Sener ingeniaritzak burututako txostenaren jarraibideen alde agertu zen, onartutako planaren ordez. PPk galeriak eraitsi eta konpondu nahi ditu urtebeteko epean, bi milioi euroko kostuarekin.

Bestalde, Bilduk “proiektua atzerapen handiarekin heldu dela” esan arren, horren alde bozkatu zuen, “galerien erabilpen pribatutik (hotela bezala) herritarren gozamenerako erabilpenerako jausi kualitatiboa eman delako”. PSE-EE abstenitu egin zen Gobernu Taldeak bere proposamena UPV-EHUren babesa bilatu duelako eta kostua eta lanen iraupena zehaztu gabekoak direlako. PSE-EEk proposamena kentzeko egokitasuna planteatu zuen, alderdi guztien artean Galerien erabilpenari buruz hausnartzeko eta erabakitzeko.
Gobernu Taldeak esan zuen onartutako planak EAEn ezagutza eta ikerketa sortzeko eta hedatzeko erreferente izan behar den erakunde publikoaren, hau da, EHUren bermea duela, eta orain arte Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren beraren laguntza eta inplikazioa ere dituela.

Mozioak

Mozio guztiek duten izaera adierazgarriarekin, ez betearaztekoa, bost onartu zituzten atzoko hile osoko bilkuan, PPren hiru, Bilduren bat eta PSE-EEren bat. PPren lehenak, Bilduren transakzio-testu batekin, errekurtso gutxiko pertsonekin lan egiten duten Getxoko entitate sozialekin hitzarmenen diru-laguntza guztiak berriro ezartzea eskatu zuen. PPren beste mozio batek TAOren lehenengo 15 minutu doakoak izateko arauak aldatzeko eskatu zuen eta PPren hirugarrenak Maidaganeko parkean komun publikoak jartzeko planteatu zuen.

Era berean, Bilduk Udal Arautegi Organikoa berraztertu ahal izateko txosten juridikoa egiteaz lehenbait lehen Alkatea arduratzeko eta txosten hori zabalduko den gutxigora beherako epea zehazteko mozioa aurrera ateratzea lortu zuen, azterketa prozesuarekin segitu ahal izateko.

Azkenik, PSE-EEk aurkeztutako mozio bakarra ere onartu zen, hain zuzen ere, Getxoko toki publiko eta pribatuetan, batu nahi duten komertzioen eta farmazien laguntzarekin, edoskitzerako gelen sarea sortzeko eta udalerriko gune publiko guztiak edoskitzerako aldea izendatzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun