Padel pisten lehenengo fasea amaitu berri du
Sopelako Udalak. Pista bi eraiki dira udal igerilekuen alboan, eta obraren aurrekontua 200.000 eurokoa izan da, lehenengo fase honetan, tokiko iturriek zehaztu dutenez. Behin lehenengo fase hau amaituta, Udalak bigarren faseari ekingo dio martxoa inguruan, eta pistek aterpea izango dute. Obra honen aurrekontua 217.000 eurokoa izango da, eta aurtengo aurrekontuaren soberakinarekin ordainduko da. Baina, bitartean, pistak erabiltzeko aukera egongo da, teilatu barik bada ere. Urtarrilaren 2tik aurrera, kiroldegiko bazkideek padel pistak erabili ahal izango dituzte, eta gainera, udalbatzak araudi berria onartu arte, erabilera debaldekoa izango da. Pistak erabiltzeko, bazkideek harreran erreserba egin beharko dute, eta bazkide bakoitzak erreserba bakarra egin ahal izango du egun bakoitzeko. Hasiera batean, pistak erabiltzeko ordutegia honakoa izango da: astelehenetik larunbatera, 08:30etik 17:30ak arte; eta igande zein jaiegunetan 09:30etik 13:30ak arte. Argazkia: © Sopelako Udala.