Aurrera doaz Urko paduraren berreskuratze-ekologikoa. Azken asteotan, jo eta su ibili dira lanean Larrabasterrako gune horretan, eta igarri daitezke jada paisaiaren aldaketak. "Abenduaren 28an, padura honen berreskuratzearen lehenengo mugarria jarri ahal izango dugu", adierazi du
Sopelako Udalak. Izan ere, biharko auzolana antolatu du tokiko erakundeak. Sopeloztarrek Urko ibarreko proiektua ezagutzea eta bertan parte hartzea izango da jardunaldi horren helburua, "denon eremua izango delako". Horrenbestez, Urko paduraren birsorkuntza ekologikoaren proiektuaren azalpena (hitzaldi txiki bat) emango dute 10:00etatik 10:30era arte. Ondoren, 12:30 bitartean, partzela baten landaketa egingo dute, proiektuak planteatutako bertako zuhaixka eta zuhaitz espezieekin. Azkenik, 12:30etik 13:00etara, hamaiketakoa izango da, indarrak berreskuratzeko. Egitasmoaren helburua Gobela errekaren eta Lemotza errekatxoaren inguruko habitata biziberritzea da, haltzadi eta harizti moduko baso babesleak erabiliz. Ur gezako bi urmael egingo dira, mehatxupeko habitata ezartzeko eta inguruko bioaniztasuna bultzatzeko. Ingurumena biziberritzearekin batera, erabilera publikoa ere sustatu nahi da, igarobide, aisialdi eta naturarekiko harreman gune gisa. Argazkian, irailaren 24an hasi ziren herri-lanak Urko paduran / © Sopelako Udala.