Zazpi pertsona ospitalera eraman behar izan dituzte gaur arratsaldean, Avanzadako errepidean izandako bi istripuren ondorioz. Eusko Jaurlaritzaren
Segurtasun Sailak komunikabideei jakinarazi dienez, lehenengo istripua 15:45ak aldera gertatu da, BI-637 errepidean, Artatzako errotondatik gertu, Leioako udalerrian. Une horretan, bidaiaririk ez zeraman Man markako autobus batek eta Seat Ibiza 1900 modeloko auto batek talka egin dute, biak Bilboranzko errailean lotu direla. Ertzaintzaren arabera, autoan zihoazen lau lagunek zauri arinak izan dituzte. Halere, Gurutzetako ospitalera eraman dituzte. Bigarren istripua errepide berean jaso da, baina Getxo udalerriko tartean. Aurreko ezbeharrak eragindako auto ilaretan, hiru ibilgailuk, Nissan Qasqha, Seat Cordoba eta Fiat Freemont modelotako bana, talka egin dute. Istripu horrek beste bi zauritu eragin ditu. Horiek ere Gurutzetako ospitalera garraiatu dituzte, osasun arreta jaso dezaten. Bi ezbeharrek auto ilara luzeak sortu dituzte. Argazkian, pare bat ertzain trafiko kontrola ezartzen artxiboko irudian / cc-by Irekia.net - Eusko Jaurlaritza.