Alkateak izendapena eskertu die ekitaldira bildutakoei eta haren partaide egin ditu, gogoratuta "klubek, Getxo Kirolek eta milaka kirolari afizionatuk partekatutako ahaleginari esker, udalerri gizatiarrago, atseginago eta jasangarriago bat eraikitzen ari garela, gure udalerriko bizitzaren eremu guztietara zabaldu nahi dugun kirol jardueraren funtsezko baloreak direlarik”. Gabriel Perez Espainiako ACES erakundeko ordezkariak, bere aldetik, nabarmendu du Getxok “ACESetik indartu nahi ditugun balore ia guztiak biltzen ditu. Udalerrian kirolaren aktore diren guztien arteko loturak harritu gaitu eta horrek kirola baldintza oso onetan egiteko aukera handia suposatzen du”.
2014ko jarduera-egitaraua
2014an sartuta, Getxo Kirolek doako jarduerak abiatuko dituzte herriko sektore guztientzat eta, bereziki, kirolaren udal erakundeak estrategikotzat jotzen dituen sektoreei (adinekoei, eskolako umeei, gazteei eta emakumeei). Izan ere, helburu hori betetzeko, gimnasia-aparatuak dituzten parke publikoak dinamizatuko dira irakasleen bitartez. Aurreikusitakoaren arabera, udaberritik aurrera udalerriko hainbat ibilbidetan barrena ibili edo patinatu nahi duten lagunentzat ere taldeak antolatuko dituzte eta elikadura osasungarriko tailerrak antolatuko dira ikastetxeetan.
Halaber, Getxo Kirolak eta Osakidetza elkarlanean ariko dira laster, udalerriak eskaintzen dituen kirol baliabideei buruzko informazioa eman ahal izateko osasun-zentroetako erabiltzaileei.
Azkenik, udal iturriek zabaldu dutenez, klubek ere "Getxoko kirolarentzat hain berezia den urtea" ospatzeko ekitaldi berriak antolatuko dituzte, udalerrian praktikatzen diren modalitate ezberdinen askotariko eskaintza hiritarrei hurbiltzeko. Besteak beste, skate nazioarteko txapelketa, nazioarteko errugbi talde baten bisita eta lehenengo mailako zenbait futbol eta saskibaloi partida lotu dituzte.
Ekitaldiaren bideoa (© Getxoko Udala)