2008ko urtarrilean, banda magnetikodun Gizatrans txartela jarri zen martxan; "izaera soziala eta tarifa hobariduna" zuen, Partzuergoaren arabera, eta "adin jakin bateko edo maila jakin bateko ezintasun fisiko edo psikikoa duten pertsonentzat sortu" zela azpimarratu dute. Ondoren, zenbait ekintza pilotu egin eta gero, 2012ko urrian kontakturik gabeko Barik txartela modu masiboan merkaturatu zen, oro har bidaiari guztientzat.
Lurraldeko garraioa hobetzeko "aurrerapauso handia izan zen" Creditrans, "aurreko sistemarekin alderatuta abantaila nabarmen ugari ekarri baitzituen, hala nola bidaia merkeagoak, garraiobidez aldatzeko aukera, bidaiarientzat bidaiatzea askoz erosoagoa eta errazagoa izatea, eta txartel bakarrarekin Bizkaiko garraio sare osoan mugitzea ahalbidetzea".
Barik
2012ko urrian Barik modu masiboan martxan jartzearen ondorioz, abantaila horiek guztiak garraioa ordaintzeko modu berri batean bildu ziren, baina, horiez gain, Barik txartelak ematen dituen gainerako "beste onura batzuk" ere gehitu behar zaizkio: "erosoagoa da erabiltzaileentzat", txartelak ez baitu kontakturik behar baliogabetzeko; gehiago irauten du (lau urte, lehen urtebete bakarrik); saldo gehiago karga daiteke, 90 euroko mugarekin; formatua askoz seguruagoa eta sendoagoa da magnetikoa baino; eta laster, Internet bidez kargatu ahalko da, bai eta Bizkaiko 83 kutxazainetan ere.
Gaur egun arte, 800.000 Barik txartel baino gehiago banatu dira, hilean 10 milioi aldiz erabiltzen da, eta txartel bidez ordaintzeko sistemaren barruan %93,54ko sartze kuota du Barik Kide txartelarekin (normala edo zuria) eta %98,99koa ezintasunen bat duten pertsonentzako eta pertsona nagusientzako Giza txartelarekin (gorria).