Sirenoa askatu dute, Armintzan, Getxoko alkatearen txaleteko atean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko abe. 31a, 16:55

Algortako Portu Zaharreko edo "Getxoko Sirenoa"-k askatasuna berreskuratu du gaur goizean, bahitu zuen talde ekologistak Imanol Landa Getxoko alkateak Lemoizko Armintza auzoan duen etxeko garajearen aurreraino eraman duela. Hiru metrotako irudia zikintzen duen aingira-belarra kenduz, "Zorionak, Imanol" mezua idatzi dute eta Sirenoaren azpian ikatz multzoa utzi dute, Olentzerok txarto portatzen diren umeei bezala. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldu duenaren arabera, abenduaren 8an desagerrarazi zuten artelana goizeko 9:30ak aldera topatu dute. Izan ere, Lemoizko Udaleko arduradunek goizeko lehen orduan jakinarazi diote Ertzaintzari lapurtutako irudia agertu dela. Horren ondoren, Ertzaintzako ikerketa-adituek Marcos Lopezen lana aztertu dute tokian bertan eta Getxoko udal brigadak 11ak aldera Erandioko ertzain-etxera eraman du, bertan ertzainek aztertzen jarrai dezaten. Modu horretan, poliziek "legez kontrako ekintza horren egileak identifikatzeko zantzuak" lortu nahi dituzte. "El Correo Español"-en edizio elektronikoaren arabera, Getxoko alkate jeltzaleak zuzenean jarraitu ditu ertzainen eta beharginen lanak, baina uko egin dio deklarazioak egiteari. Argazkian, Sirenoaren bahiketa aldarrikatu zuteneko bideoa / © Non Dago Sirenoa?

Algortako Portu Zaharrean zegoen "Getxoko Sirenoa" abenduaren 8an desagertu zen. Bi egun beranduago, bahitzaileek agerraldia egin zuten, bideo-parodia baten bidez, bahisaria eskatu eta HAPOren berrikuspenaren gaineko eztabaida zabaltzeko. Erreskateari dagokionez, 15 eguneko epea eman zioten Imanol Landa alkateari eta Getxo Udalari bi eskaeretariko bat betetzeko, aukeran: batetik, "udalerrian erabili gabeko "nabe-industrialak eta etxe hutsak egon bitartean, etxebizitza, nabe-industrial zein errepide berririk ez eraikitzeko konpromisoa publikoki hartzea". Ala, bestetik, "Algortako Telletxe eta Areetako Xake plazetan, zuhaitz autoktonoen kimuen mila ale herritarren artean zabaltzea". Epea betetzear, "bahitzaileek" bideo parodia berria kaleratu zuten, Getxoko Udalak eta Imanol Landa alkateak Algortako Portu Zaharreko Sirenoa askatzeko "jarritako baldintzetako bat ere ez bete arren", arte lana "atzera bueltan izango" zela jakinaraziz. Gaur goizean, hitza bete dute. Tartean, Mutrikun ere Sirenoaren kopia txiki bat agertu zen herenegun, antza Getxoko ekimenarekin loturarik gabekoa.

"Non dago Sirenoa?"-ren lehenengo kapitulua (© Non dago Sirenoa?)



"Non dago Sirenoa?"-ren bigarren kapitulua: "Estokolmo Sindromea" (© Non dago Sirenoa?)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun