Bizkaiko Foru Aldundiko Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko profesional talde batek Leioa bisitatuko du, ostiral honetan, urtarrilak 3. Suhiltzaileek erabiltzen dituzten material eta ibilgailuekin erakustaldiak egin eta larrialdietarako aholku praktikoak emango dituzte, Udalak sasoi honetan Kandelazubietako kiroldegian antolatzen duen Umeen Gabonetako Parkean. Aldundiko suhiltzaileek, goizeko 11etatik aurrera, lanean erabili ohi dituzten materialak erakutsiko dituzte, eta ibilgailuetariko batek, ponpa-autoa delakoak, nola funtzionatzen duen erakutsiko dute. Erakustaldia amaitutakoan prebentzioari buruz hitz egingo dute. Arratsaldean, 16:30etik aurrera, berriro erakutsiko dituzte materialak, eta segurtasunaren gaineko aholkuak eskainiko dituzte; eta 18:00etan suhiltzaileek askatze-simulazio bat egingo dute, hau da, trafikoko istripu baten ondorioz ibilgailuaren barruan harrapatuta geratu diren pertsonak askatuko dituzte. Argazkian, Artatzako suhiltzaileak artxiboko irudi batean.