Portu Zaharrera bueltatu da Sirenoa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 4a, 00:09

Algortako Portu Zaharreko edo "Getxoko Sirenoa" murruko ohiko tokira bueltatu da gaur. Marcos Lopezen artelanak pasa den abenduaren 31n askatasuna berreskuratu zuen, abenduaren 8an desagerrarazi zuen talde ekologistak Imanol Landa Getxoko alkateak Lemoizko Armintza auzoan duen etxearen aurrean utzi zuela. Halere, azken egunetan Erandioko ertzain-hirian izan da argazki erraldoia, bertan ertzainak hatz-markak eta "legez kontrako ekintza horren egileak identifikatzeko zantzuak" aztertzen aritu direla. Argazkian, Sirenoa gaur iluntzean Algorta Portu Zaharrean.

"Getxoko Sirenoa" abenduaren 8an desagertu zen. Bi egun beranduago, bahitzaileek agerraldia egin zuten, bideo-parodia baten bidez, bahisaria eskatu eta HAPOren berrikuspenaren gaineko eztabaida zabaltzeko. Erreskateari dagokionez, 15 eguneko epea eman zioten Imanol Landa alkateari eta Getxo Udalari bi eskaeretariko bat betetzeko, aukeran: batetik, "udalerrian erabili gabeko "nabe-industrialak eta etxe hutsak egon bitartean, etxebizitza, nabe-industrial zein errepide berririk ez eraikitzeko konpromisoa publikoki hartzea". Ala, bestetik, "Algortako Telletxe eta Areetako Xake plazetan, zuhaitz autoktonoen kimuen mila ale herritarren artean zabaltzea". Epea betetzear, "bahitzaileek" bideo parodia berria kaleratu zuten, Getxoko Udalak eta Imanol Landa alkateak Algortako Portu Zaharreko Sirenoa askatzeko "jarritako baldintzetako bat ere ez bete arren", arte lana "atzera bueltan izango" zela jakinaraziz. Abenduaren 31n hitza bete zuten. Tartean, Mutrikun ere Sirenoaren kopia txiki bat agertu zen herenegun, antza Getxoko ekimenarekin loturarik gabekoa.

"Non dago Sirenoa?"-ren lehenengo kapitulua (© Non dago Sirenoa?)



"Non dago Sirenoa?"-ren bigarren kapitulua: "Estokolmo Sindromea" (© Non dago Sirenoa?)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun