Urtarrilaren 11n eta 12an, Espainiako autonomien arteko rugby txapelketa jokatuko dute Coruñan emakumezkoen selekzioek. Gurean, proba horretarako azken entrenamendua egingo dute gaur Mungian, goizeko 10etatik 13:00etara,
Euskadiko Errugbi Federakundeak antolatuta. Andoni Samperio selekzionatzaileak egin duen deialdian Uribe Kostako emakumeak dira nagusi. Gauzak horrela,
Getxo rugby taldeak zazpi jokalari jarriko ditu zelaian: Eva Rincon, Mirane Etxebarria, Garazi Uriarte, Irantzu Carral, Ana Masa, Leire Elorriaga eta Nerea Agirre. Haiekin batera, Lide Elgezabal plentziarra izango da. Ez da, baina, Durangok eta
Uribealdeak sortutako konbinatuaren errugbilari bakarra izango. Uribarri Barrutieta eta Joana Murray durangarrak eta Amaia Garate mundakarra ere Mungian izango dira gaur. Bestalde, federazioaren zerrendan egon ez arren, Uribealdeak baieztatu du June Mirones mungiarrak entseguetan parte hartuko duela. Selekzioa beste 17 jokalarik osatuko dute: Hernaniko taldeko 6, Eibarko 3, Gasteizko Gaztedi elkarteko 2, eta marko autonomikoa apurtuko duten Iruñeko La Unica taldeko 5 eta Baionako ASB taldeko 1. Azken klub horretako jokalaria, Saioa Jaurena, ez da lapurtarra, nafarra baizik. Gainera, besteak beste, Getxo zein Bizkarians-ekin lehiatu da aurretik. Argazkian, pasa den irailean eta urrian burutu ziren 7ko errugbi jardunaldiak iragartzeko irudia / © Euskadiko Errugbi Federakundea.