Epaiketa politikoen aurkako mus txapelketa jokatuko da gaur Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 4a, 03:48

Pasa den urrian abiatu ziren 35/02 eta 26/11 sumarioen aurkako mus txapelketa egingo dute gaur Itzubaltzeta / Romoko Branka tabernan, izen bereko elkarteak zein Itzubaltzetako Gazte Asanbladak antolatuta. Arratsaldeko 4:30ean, izen-ematea abiatuko dute, bikote bakoitzak bost euro ordaindu beharko dituela parte hartzeko. Ordu erdi beranduago, partidak hasiko dira. Txapeldunek urteko ardo eta txakolin botila bana, pare bat sagardo botila eta gazta bat eskuratuko dute. Ekimenean eskuratuko duten dirua epaiketako gastuetara bideratuko dute antolatzaileek. Izan ere, 80 auziperatuek 1'7 milioi euro ordaindu dituzte fidantzetan eta soilik epaiketa iraungo dituen bost hileotan beste milioi bat euro jarri beharko dute defentsa gastuak, joan-etorriak eta otorduei aurre egiteko. Argazkian, Libre Getxon ekimenak salatu du Ertzaintzak epaiketa politikoen aurkako ekitaldiak grabatu izana / cc-by Libre Getxon.

Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren euskal herritarren artean dira Jose Luis Franco zein Maite Amezaga algortarrak, Xabier de la Maza gazte gorliztarra, Galdakaon bizi den Izaskun Barbarias urduliztarra, Karmelo Landa Leioa eta Erandioko campuseko Literatura irakaslea eta hainbat urtez Getxoko Udalean lan egin eta PPk bertatik kaleratu nahi izan zuen Sabin del Bado sondikarra.

Urriaren 14an hasi ziren epaitzen Xabier de la Maza Peña gazte gorliztarra Espainiako Auzitegi Nazionalean, beste 39 neska-mutilekin batera. Bakoitzarentzat seina urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak, Segi gazte erakunde ilegalizatutako kideak izatea egotzita. Horretaz gain, hilaren 17an abiatu zen 35/02 sumarioko epaiketa. "Herriko tabernen bitartez ETA finantzatzea" leporatuta, ezker abertzaleko 36 kide epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bost bat hilabetez iraungo dute 35/02 sumarioko epaiketaren ahozko saioek. 372 urteko kartzela zigorra eskatzen du Fiskaltzak guztira; zortzi eta hamabi urte arteko zigorrak bakoitzarentzat.

Besteak beste, Franco eta Amezagari zortzina urteko kartzela zigorra eskatzen diete. Amezaga, adin txikiko bi seme-alabaren ama da eta eurak ez ezik, lanpostua bera ere utzi beharra dauka auzi saioetara joateko, Libre Getxon ekimenak salatu duenez. Bestalde, Jose Luis Francok ez du epaiketako saioetara joan beharrik izango, konklusioak ematen diren azken egunean ezik. Algortarra adineko pertsona bat da eta bere osasun egoera dela eta, deklaratu behar duen saioetara baino ez bertaratzeko eskabidea egin zuen.

Jose Luis Franco 2002ko apirilaren 29tik 2003ko urriaren 28ra bitartean preso egon zen Navalcarneroko (Madril, Espainia) kartzelan eta Maite Amezaga 1998an, sei hilabetez, Avilakoan 18/98 sumarioa dela eta.

Herriko tabernak

Halere, horiek ez dira Auzitegi Nazionalera joan behar izan duten lagun bakarrak. Izan ere, 35/02 sumarioko 36 auziperatuez gain, auzian sartutako herriko tabernak kudeatzen dituzten 110 kultur elkarteen presidenteak ere egon dira Madrilen, tartean zirela Josu Iratza, Christian Reinicke, Joserra Elkoroaristizabal, Angel Sedano, Josu Cerrato, Pedro Ruiz, Josu Iturburu eta Jon Aldatz Urdulizko Iretargi, Algortako Gorrondatxe, Leioako Kurkudi, Erandioko Hegoalde, Astrabuduako Egoki, Sopelako Mikelats, Itzubaltzeta / Romoko Branka eta Berangoko Sei Herri kultur elkarteen ordezkariak. Abokatuen eskaerari jarraiki, horiek ere deklaratu behar duten egunean eta azken saioan baino ez direla agertu beharko erabaki du epaileak. Akusazioen arabera, "ETA finantzatzeko ezinbesteko partaide" izanda ere, elkarte horiek eta euren ordezkariak ez daude auziperatuta, baina sozietateen ondasunak bahitzeko arriskua dago.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun