Baina, nabarmendu dutenez, gizakientzat ez ezik, teknika horrek "hainbat ingurumen-arazo sor ditzakeela egiaztatu dute ikerketa ugarik, horien artean lurpeko uren kutsadura, kutsadura atmosferikoa, negutegi efektua sortzen duten gasen isurketa (metanoa), lurrikarak, kutsadura akustikoa eta paisaiarako inpaktua". Hori dela eta, Getxo udalerriko hainbat auzokidek "aurrerapauso bat ematea eta prozesu hau geldiarazteko iniziatiba hartzea erabaki dugu. Izan ere, onartu berri den 'Geminis' baimenaren mehatxupean, beharrezkoa ikusi dugu talde autonomo, independente eta anitz bat sortzea". Baimen horrek Azkorritik Bermeora arteko eremua hartuko du prospekzioak egiteko, eta, ondoren, gasa ustiatzeko teknika hori garatzeko. Auzokideek "garrantzitsua" ikusten dute gizartea mobilizatzea, "Frackingari aurre egiteko eta hura geldiarazteko". Gaurko batzarrean ez ezik, nahi duenak frackingezgetxo[abildua]gmail.com posta elektronikora idatziz ere jar daiteke harremanetan Fracking Ez Getxo plataformarekin.
AEBetik Euskal Herrira
Euskal Herrian 2011ko urriaren 14an ezaguna egin zen fracking-a. Izan ere, egun horretan, Patxi Lopez EAEko lehendakariak AEBeko Texas Estatuko Heyco enpresako erauzketa plantatik iragarri zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan fracking-a egiteko asmoz EEE Energiaren Euskal Erakundeak Heyco eta Cambria Europe enpresa estatubatuarrekin partzuergo bat sortu zuela. Esku artean izan zuten lehen proiektua Araban kokatu zen, Enara Handia izenekoa.
Halere, Uribe Kostan ere, lur azpiko ubide edo akuiferoak kalte ditzaten teknika hori erabiltzeko planak badaude. Bartzelonan erregistratutako Frontera Energy Corporation SL nazioarteko enpresak Geminis proiektua gauzatzeko baimena eskuratu du Espainiako Industria Ministerioaren eskutik. 47.940 hektarea hartuko ditu, itsasoan eta lurrean, barnean ia Uribe Kostako eskualde osoa dagoela. Eremu horretan lur azpiko biltegietan egon beharrean harriei itsatsita dagoen gasa ustiatzeko fracking sistema bideragarria eta errentagarria den ikertuko nahi dute. Teknika horrekin, eztanda txikiak egiten dira haitzetan, arrailak sortu eta horietatik ura (% 98) eta gai kimikoak (% 2) isurtzeko. Gai kimikoak lurzorura edota akuiferoetara iristen badira, kutsatu egiten ditu. Oraingoz, Plentzia, Gorliz eta Sopelako udalek jada ezetza eman diote praktika horri.
Maiatzaren 30ean, fracking-aren teknika “normalizatzeko” lege-proiektua eztabaidatu zen Senatuan; 29an, aldiz, teknika debekatzeari uko egin zion Eusko Legebiltzarrak.
Fracking-aren mapa Euskal Herrian
Enara Handia proiektuaren aldeko bideoa (© EEE Energiaren Euskal Erakundea)