Smilek azken diskoa aurkeztuko du ostiralean, kontzertu batez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 7a, 13:01

Smile boskote getxotarrak Bilboko BBK Aretoan joko du ostiralean, hilak 10, "Out of Season" bere hirugarren disko luzea aurkezteko. Kontzertua gaueko 9etan hasiko da, eta bertan John Berkhout Oiartzungo boskoteak ere joko du. Joan den urrian kaleratu zuen diskoa Smilek eta bertan 12 abesti "indartsu bezain barneko" bildu zituzten. Musika taldeak berak dioenez, "Out of Season" taldearen soinuak nahiz izaerak izan duten bilakaeraren erakusgarria da. "Smilen abestiak urezkoak dira, giro ona kutsatzen dutenak. Olatu perfektuari eta amaierarik gabeko udaldiei buruzko ereserki bizigarriak dira. Soinu katalogo zabala eta musika amerikarrari buruzko tratatua. Bizitzari aurrez aurre abesten dioten armonia bokalak eta baladak", azaldu dute BBK aretoko arduradunek. Argazkian, Smileren taldekideak / © Smile.

Halere, kanta intimistak ere badira azken lan horretan, 2012ko "Seasides" EP diskoko doinuak baino gehiago. Hura askoz ere udatiarragoa zen, nahiz eta lan biak batera sortu zituzten eta aurreko abestietako rock klasikoaren eta neofolkaren artean kokatzen diren, Atlantikoaz bestaldeko banda garaikideen modura.

2007an "Painting the sun one colour" lehenbiziko lana kaleratu zutenetik, Getxo Sound-en aritutako taldeak ibilbide sendoa egin du. Taldearen abestietan, hasierako Tom Petty indartsuaren oroitzapenak, The Jayhawks taldearen soft rock melodia argitsuak, Ray Lamontagneren sentiberatasuna edo Jack Johnsonen hondartzako lasaitasuna aurki daitezke.

Sarrerak salgai daude jadanik BBK Aretoan bertan, BBKren orotarako kutxazainetan eta Interneten, 15 eurotan. Halere, Kutxabank txartela dutenek %10eko deskontua izango dute.

"Seasides" EP diskoaren "Happy too" kantaren bideoklipa (© Smile eta Kepa Acero)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun