Euskaltzaleen Topaguneak XI. Topaldia egingo du urtarrilaren 30ean Durangoko Elkartegian, Landako erakustazokaren ondoan. Hizkuntzarekiko motibazioa oinarri hartuta, "ardura pertsonal eta kolektiboa aktibatzeko bidean kokatzea da helburua", antolakuntzak adierazi duenez. Horretarako, topaketan zehar, motibazioaren eta barnebiltzen dituen kontzeptuen definizioa zehaztuko da lehenbizi, eta zenbait kasu praktiko aztertuko dira ostean. Kasu guztietan eztabaidarako tartea egongo da. Arratsaldean, Jon Sarasuak aurkeztu berri duen "Hiztunpolisa" liburuaren ekarpenei buruzko mahai-ingurua izango da. Topaldiaren hamaikagarren parte hartzeko izena emateko epea urtarrilaren 26ra arte egongo da zabalik, http://topaldia.wordpress.com/eman-izena/ atarian. Matrikulatzeko 30 euro ordaindu behar dira, eta bazkaria barne izango du. Dagoeneko dozena erdi dira Topagunean parte hartzen duten Uribe Kosta eta Erandioko euskaldunen elkarteak: Berbalamiñe, Berbots, Bizarra Lepoan, Boluntzarreta, Egizu eta UKBERRI.NET argitaratzen duen Ukberri Uribe Kostako Komunikabide Euskaldunak elkartea. Argazkian, Egizu Getxo Euskaldun! egitasmoko kide batzuk berbalagunek ospatu ohi duten Mintza Egunetako batean / cc-by
Egizu.