Almandoz izan ezik, beste abokatu guztiak 2012an EPPK-k izendatu zuen Mintzaidetza Lanetarako Taldeko kideak dira, beste batzuen artean. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, "hilabeteak" zeramatzan Guardia Zibilak abokatuen arrastoan.
Berria.info-k zabaldu legez, Lopez de La Calle izan da Bilboko egoitzatik atxilotuta eraman duten lehena. Tantaz Tantak gaineratu du Jon Enparantza eta Jose Miguel Almandoz ere atera dituztela. Zuluetaren etxe ohiaz gain, beste miaketak egiten dihardute Donostiako Antigua auzoan eta Bilboko Otxarkoaga eta Atxuri auzoetan, Enparantzaren, Sagarminagaren eta Lopez de Lacalleren etxeetan. Donostian zein Bilboko Elkano kalean jende anitz bildu da. Sortuk agerraldia egingo du 18:00etan.
Arantza Zulueta
Arantza Zulueta abokatua eta Lemoizko bizilaguna aurretik birritan atxilotu dute, beti ere Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. 2010eko apirilaren 14an, atxilotu zuten lehenengo aldiz, euskal preso politikoen abokatuen eta senideen aurkako sarekadan, Saioa Agirre eta Erramun Landarekin batera, eta urte bereko abenduaren 2an aske utzi zuten, baldintzapean, 60.000 euroko bermea jarri ostean. Zazpi hilabete besterik ez zuen kalean egin abokatuak. Izan ere, Fernando Grande-Marlaskak berriro galdekatu eta aske utzi zuen martxoan, baina uztailaren 13an Zulueta atxilotu eta espetxeratzeko agindua eman zuen. Zulueta Hernanin atzeman zuen Guardia Zibilak, ETArekin zerikusia izatea egotzita. Lau hilabete pasatuta, 2011ko irailaren 15ean, aske utzi zuten, beste 60.000 euroko fidantzapean. Orduan, Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak Zulueta ustezko delitu beragatik birritan atxilotzea leporatu zion Grande-Marlaskari. Pasa den larunbatean, Durangon burututako EPPKko preso ohien agerraldian izan zen Arantza Zulueta, besteak beste, Mitxel Sarasketa, Iñaki Gonzalo Casal eta Fernando Etxegarairekin batera.