ELAk salatu egin du presoen eskubideak defenditzen dituzten pertsonen
gaurko atxiloketaren jatorrian dagoen erabaki politikoa. Datorren larunbatean, hilak 11n, Bilbon izango diren ekitaldietan parte hartzera dei egiten du. Erabaki horrek, zeina oraingoan ere erabilera mediatikoarekin batera etorri baita, eskubide demokratikorik oinarrizkoenak urratzen ditu. ELAk ebidentzia bat nabarmendu nahi du: gure herrian normalizazio politikorantz egiten diren aldebakarreko urratsekin pozten ez diren indar bakarrak PP eta eskuin muturreko beste erakunde satelite batzuk dira. Operazio honekin espainiar gobernuak kriminalizatu egin nahi ditu, batetik presoen eskubideen aldeko lana, eta bestetik, horiek bermatzen saiatzen diren guztiak ere; halaber, gurean garatzen ari den normalizazio politikoko prozesua eta gure gizarteko sektore zabal baten jardun politikoa geldiarazteko borondatea dauka.