Plentziako Udalaren abisua: Zer egin foka bat aurkitzen badugu?
Itsas-txakurrak haien bizitzaren zati handi bat uretan pasatzen duten itsas ugaztunak dira. Baina uretatik irten ohi dira atseden hartu beharra dutenean. Beraz, ez da arraroa fokaren bat ikustea hondartza batean etzanda, arroken gainean edota portu batean.
Horrelako kasuetan hartu beharreko neurriak zein diren ikasi beharra dugu. Oso garrantzitsua da unean bertan larrialdi zerbitzuei (SOS Deiak-112 edo Ambarren Lehorreratzeen Sarea-656719686) deitzea, oharra animaliaren egoera zein den ikustera joango diren teknikariengana iristeko.
Egoeraren berri eman ondoren, argibide sinple hauek jarraitu behar ditugu:
1. Ez hurbildu animaliarengana. Arrazoizko segurtasun distantzia mantendu behar dugu. Itsas-txakurren besoak eta lepoa motzak dira eta haien “tresnarik” gustukoena ahoa da. Mehatxupean daudela sentitzen badute hozka egin dezakete eta animalia indartsuak dira (hozkek eragindako zaurietan infekzioak erraz
garatu daitezke).
2. Ez oztopatu uretara itzultzeko ihes bidea. Beti bidea libre utziko dugu, fokak nahi izanez gero, oztoporik gabe itsasora itzultzeko modua izan dezan.
3. Txakurrak uhalarekin lotu eta ez utzi fokarengana hurbiltzen. Aurrez aipaturiko arrazoiengatik.
4. Oihurik ez egin eta zaratarik ez atera. Lasai egon behar dugu, iskanbila handiegirik sortu gabe, itsas-txakurrari estres izugarria eragin baitiezaiokegu. Gainera, lasai bagaude eta oihurik ateratzen ez badugu,elkarrekin lana egitea errazagoa izango da eta gure lana, zalantzarik gabe, eraginkorragoa.
5. Animaliaren espazioa errespetatu. Fokak toki hori aukeratu du bere bidaiarekin jarraitu aurretik deskantsua behar duelako. Ordu asko igaro ditu uretan eta estutzen badugu, ezingo da indarberritu, ziurrenik berriro uretara ihes egingo baitu.
6. Arduradunei eta Ambarreko boluntarioei ahalik eta gehien lagundu. Gure helburu bakarra animaliaren eta haren inguruko pertsonen ongizatea bermatzea da. Guztion artean lankidetzan jarduten
badugu, lana askoz errazagoa izango da eta esperientzia, berriz, oso positiboa.
Foka batek atseden hartzeko gure lurraldea aukeratu izana pribilegio bat dela ulertu behar dugu, izan ere, itsasoko altxor bat azaleratu zaigu guregandik gertu. Ikasi dezagun itsasoak eskaintzen diguna errespetatzen, horrela, animalia hauek gure hondartzetara itzuliko baitira, haientzat toki lasaiak eta seguruak bilakatuko direlako.
Plentziako Udala