LAB: "Dei egiten diegu langileei presoen eskubideen alde kalera ateratzeko"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 9a, 10:42

LABetik gogor salatu nahi dugu gaur [atzo] arratsaldez Euskal Preso Politikoen Kolektiboak eman duen urratsaren kontra Espainiar Estatuak abian duen operazio errepresiboa. Egoeraren larritasunak gogoeta pausatu eta sakonago bat eskatzen badu ere, premiazko lehen erreakzio moduan salatu nahi dugu gaurko [atzoko] operazioa kolektiboak egin urratsa kolpatzeko helburuarekin antolatutako operazio polizial, politiko eta mediatiko bat dela. Ezaguna da Estatu espainiarrean mendeku gogoa Euskal Herriko gatazka konpontzeko bidean ekarpenak egiten dituen guztiaren kontra. Areago, presoen eremua denean, honek Euskal Herriaren egoera modu positiboan astintzeko gaitasuna baitu eta Estatuaren inmobilismoa euskal jendartearen aurrean biluzteko gaitasuna ere bai. Argazkian, LAB sindikatuak presoen eskubideen alde Algortan egindako elkarretaratze bat artxiboko irudian.

Gaur [atzo] bistakoa da, oraindik eta bistakoagoa posible bada, Estatuaren izaera errepresibo eta antidemokratikoa; eta bistakoagoa, beraz, gure bidea egiteko premia; gure kabuz Euskal Herrira bakea eta demokrazia ekarriko duen bidea egiteko premia. Momentua da konpromiso berriak hartzeko, konpromisoetan sakontzeko, momentua da euskal eragileon artean konponbide prozesua azken muturrera eramateko ibilbidea marrazteko. Indartu dezagun horretarako euskal eragile politiko, sindikal eta sozialen arteko elkarlana.

Joan den igandean presioa indartzeko eta mobilizazioaren bidez inmobilismo politikoak gainditzeko egin genuen deia indartu nahi dugu gaurko [atzoko] erasoaren aurrean. Atera gaitezen kalera euskal presoen eskubideak defendatzeko, egin dezagun gurea espetxe politika aldatzeko borroka, bide hori oztopatzeko eta eragozteko erasotu dituztelako presoen abokatuak eta mintzakideak.

LABetik langileei dei egiten diegu operazio honen salaketa lantokietara eramatera, presoen eskubideen aldeko borroka eta presoak etxeratzeko aldarria lantokiz lantoki eta langilez langile bazter guztietara zabaltzera.

LAB sindikatua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun