Guardia Zibilak atzo 15:30 aldera abiatu zuen EPPKko presoen abokatuen aurkako sarekada, Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Aretoko magistratuaren aginduz. Zortzi lagun atxilotu zituzten: Lemoizen bizi den Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Aitziber Sagarminaga, Jose Luis Campos, Egoitz Lopez de Lacalle, Jose Miguel Almandoz, Asier Aranguren eta Miren Aintzane Orkolaga.
Arratsaldean abiatutako polizia operazioa bart goizaldera arte luzatu da. Ordu horretan sartu zen Guardia Zibila Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) abokatuen Bilboko Elkano kaleko bulegoan, eta bertan izan dira Arantza Zuluetarekin 04:30era arte. Alfonso Zenon abokatua izan da Zuluetarekin miaketan zehar. Atxilotua bulegotik ateratzean, babesa adierazi diote hainbat lagunek. Ordu batzuk lehenago, arratsaldean, Ertzaintza gogor oldartu zitzaien bertan bildutakoei, lagun bat zaurituz eta atxilotuz. Basurtuko ospitalera eraman behar izan zuten gaztea, buruan kolpe bat zuela.
Euskadi Irratia aipatuz, Naiz.info agerkari digitalak zabaldu duenez, dagoeneko Madrilen egongo lirateke zortzi atxilotuetatik zazpi. Arantza Zulueta Bilboko La Salveko kuartelean izango litzateke oraindik Madrilera noiz eramango zain, aipatu irrati kateari Espainiako Barne Ministerioak adierazitakoaren arabera. Atxiloaldi komunikatuan daude zortziak. Beraz, konfiantzazko abokatuarekin egoteko aukera izango omen dute. Hala ere, dirudienez ez dute gaur Eloy Velasco epailearen aurrera eramango.
Erandioko mobilizazioaren kartela
Agerraldia egin dute gaur goizean hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek,