Helduentzako literatura belarrira xuxurlatuko dute gaur Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 9a, 16:47

Xerezadejaia helduentzako literatur ekimena hartuko du gaur Leioako Udal liburutegiko hemerotekak, Kultur Leioako bigarren solairuan. Bertan, 18:30etik aurrera, ordu eta erdiz edo, ipuin irakurketa musikatua egingo dute Ana Morales eta Jasone Larrinaga Xerezaderen artxibozainak zein hainbat irakurle gonbidatu, hala nola, Edu Lartzanguren, Izarne Cardaba, Harkaitz Cano, Jokin Gorozika eta Iñigo Roque. Saioan, besteak beste, Pulitzer Saria irabazi zuen Susan Glaspell idazle eta kazetari estatubatuarrak idatzitako "Bere parekoen epaimahaia" ("A Jury of her Peers") istorio laburra irakurriko dute. Argumentua John Hossacken erailketarekin abiatzen da: "Dickson Countyn hilketa bat gertatu da. Wright jauna hilda agertu da ohean. Bost pertsona bildu dira hilketa gertatu den etxean frogak biltzeko. Hiru gizon (fiskala, sheriffa eta gorpua aurkitu duen baserritarra) eta bi emakume (gizonetako biren emazteak). Wright andrea, hildakoaren alarguna, ez dago bertan, atxilotuta baitago hilketaren susmopean. Hala ere, bere historia utzi du idatzita sukaldeko objektu xumeetan. Nor izango da, baina, mezu isil hori dekodetzeko gai?". Argazkian, Susan Glaspell 1913an / cc-publicdomain New York Public Library.

Xerezadejaia ekimena Larrinagak eta Moralesek Saioa Gabikagogeaskoarekin batera 2011ko ekainean sortu zuten Xerezaderen Artxiboa euskarazko literatur podcast-a du oinarri. Ekimen horren xedea da irakurtzeko nagikeria euskarazko ipuinez gozatzeko oztopoa ez izatea. Horretarako, irakurri dezaten euskaldunei banan-banan errieta bota beharrean, "Xerezadek belarrira esango dizkizu nahi dituzun kontu guztiak: ipuinak, kontakizun laburrak eta luzeak, bai eta fikziozkoak ez diren testuak ere. Mundu osoko idazleen lanei ahotsa ipiniko die euskaraz, eta edonon eta edonoiz entzuteko moduan jarriko dizkizu. Literaturaz gozatzeko aukera. Itxi begiak eta entzun…", proposatzen dute artxibozainek. Bilbo Hiria irratiko estudioan grabatu eta blogean biltegiratzen dituzte audioak.

Ekimeneko kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun