Asteartean aurkeztuko dute 2013ko kirolari getxoztarrik onena

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 9a, 18:00

Naia Ibarrondo igerilaria, Xabi López saskibaloiko jokalaria, junior mailan, eta Virginia Díaz arraunlaria eta Koldo Larrinaga palista, senior mailan, dira hautagaiak Getxoko 2013ko kirolari onenaren saria jasotzeko. Josu Loroñok eta Álvaro Gonzálezek, hurrenez hurren, Getxoko Udalaren Komunikazio eta Kirol zinegotziek eman dituzte ezagutzera gaur, datorren asteartean, hilak 14, Algortako Fadura udal kiroldegian ospatuko den VII. “Getxo Sasoi Sasoian” Kirol Sarien Galan iazko kirolari onenaren saria jasotzeko hautagaien izenak. Sari horiek, sortu zirenetik, kirolaren alde eta kirolarentzat lan egiten duten pertsonak eta elkarteak aintzat hartu nahi dituzte. Udalerriko zortzi kirol kazetarik osatutako epaimahaiak hautatuko du iazko kirolari onena. Epaimahaikideak dira: Iñaki Ugalde ("Mundo Deportivo"), Jon Rivas ("El Mundo"), Ana Ramos (ETB), Asier Kareaga (Radio Euskadi), Ivan Martín (Radio Bilbao), Alain Laiseka ("Deia"), José Manuel Cortizas ("El Correo Español") eta Juanma Velasco ("Mundo Deportivo"). Argazkian, Europako Kirol Hiriaren banderak jaso zituzten abenduaren 30ean Algortan / © Getxoko Udala.

Naia Ibarrondok, Getxo Igeriketa Waterpolo taldeko igerilariak, 14 urtekoen Bizkaiko eta Euskadiko markarik onenak ditu 100 tximeleta estiloan, Bizkaiko eta Euskadiko txapeldunorde absolutua da 100 eta 200 metrotan eta zilarrezko eta brontzezko domina Espainiako Txapelketan, haurren mailan, 100 eta 200 metrotan, hurrenez hurren. Xabi López, Badalonako Joventut taldeko jokalaria da kadete mailatik, eta iazko udan Europako txapeldun izan zen 16 urtez azpikoetan, selekzio espainiarrarekin. Virginia Díaz, Areetako Raspas del Embarcadero Arraun Taldeko arraunlaria, besteak beste, Euskadiko jarleku mugikorreko txapeldun absolutua da eta Espainiakoa 23 urtez azpikoetan, eta estatuko txapelduna ergometroko arraunean. Koldo Larrinaga palista, bere aldetik, munduko txapelduna da, bikoteka, eta atzelarien rankingeko lehena denboraldi amaieran.

Europako Kirolaren Uria

Josu Loroño Komunikazio Arloko zinegotziak, aipatu du gala udalerriarentzat berezia den une batean ailegatuko dela, 2014an Europako Kirolaren Uria baita. “Hartara, poztasun bikoitza da guretzako, batetik, kirola ospatuko dugulako urte guztian gure klub eta kirol elkarteek egiten duten ahalegina eta gure kirolariek izandako ibilbidea sarituta, eta bestetik, kirola ospatuko dugulako gure bizitzako balore garrantzitsu eta funtsezkoenetako bat den aldetik. Kirola, besteak beste, osasuna delako, bizi-kalitatea, dibertigarria eta zoragarria delako, elkartasuna delako, elkarteen arteko lotura indartzen duelako eta norberaren barrutik hoberena ateratzeko gaitasuna duelako. Are gehiago, gustatzen zaigulako eta kirola eginez gozatzen dugulako, lagunekin, familiarekin...”.

15 sari

Kirolaren Galan Udalak 15 sari emango ditu guztira, banakako eta urteko kirolari onenaren sariekin batera, udalerriko zenbait taldek lortutako garaipenak aintzat hartzeko, baita kirolaren alde eta kirolarentzat lan egiten duten pertsonak eta elkarteak ere. Izan ere, taldeka, “Getxo Kirol Berriak” saria emango diete Getxoko Aixerrota BKT boleibol taldeari, emakumezkoen kategorian, bere ibilbideagatik, aipagarria baita: Euskadiko txapeldunak umeen bigarren urtean, kadeteko bi urteetan eta gazte mailako hiru urteetan. Eta mutilen kategorian, sari bikoitza izango da, Getxo eta Arenas Club-eko gazte taldeentzat, futbolean Ohorezko Mailara igotzea lortu baitute.

“Getxo Kirol Sariak” izango dira aurten, batetik, Getxo Arrauneko neskentzat, batelen Euskadiko txapeldunorde eta Bizkaiko Liga eta Txapelketako txapeldunak direlako. Eta bestetik, mutilei dagokienez, Getxo Igeriketa Waterpolorentzat, Euskal Herriko eta Bizkaiko txapeldun absolutuak baitira, 4x50 eta 4x100eko estilo librean eta brontzezko domina Espainiako Txapelketan, 4x50 librean.

Bestalde batetik, sari bereziak honako kirolari eta talde hauentzat izango dira: “Aitzindaria”, Koldobi Etxeberria Athleticeko jokalari izandakoa. “Kiroltasuna”, kirol ibilbidea saritzen duena, Miguel Ignacio Gutierrez. 22 urtez Athletic Clubeko eta baita Espainiako Futbol Selekzio nagusiko fisioterapeuta izandakoarentzat da. “Getxo Berrituz”, berrikuntza saritzen duena, Kepa Acero surflaria, 18 urterekin Europako junior txapelduna, bere proiektuagatik, “5 olatu, 5 kontinente”. “Getxo Zabala” saria, altruismoari, Algortako Landeta Akademiarentzat izango da aurten, areto-futboleko taldeen babesle izateagatik.

Eta “Aparteko Sariak” jasoko dutenak dira, batetik, Alain Goikoetxea skaterra, estiloan maisu eta Europako bowls zirkuituan kirolari garrantzitsua; eta, bestetik, Fadura Tenis Kluba, Euskadi-Nafarroa-Errioxa-Kantabriako 6 txapelketen irabazlea denboraldi berean, hainbat kategoriatan. Emaitza historikoa.

Iaz bezala aurten ere, urteko kirolari onenari polo berezia emango zaio galan, jasotako sariaren oroigarri gisa, eta ekitaldiaren aurkezpena aurreko urteetan saritutako bi pertsonek egingo dute. Zazpigarren ekitaldi honetan Iñigo Mentxaka Punta Galea Txirrindulari Elkarteko presidente izanikoa eta Yahaira Agirre judoka eta “Getxo Sasoi Sasoian” sarien lehen edizioko kirolari onena izango dira aurkezleak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun