Administrazio publikoetako azpikontratetan lan egiten duten gizon-emakumeen eskubide laboral eta sozialak bermatzeko asmoz,
herri ekimen legegilea abiarazi du ELA sindikatuak. Eusko Legebiltzarrean abenduan aurkeztu ostean, apirilera bitartean 30.000 sinadura bildu beharko dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bozkatzeko eskubidea duten hautesleen artean. Lan baldintzen prekarizazioa gelditzeko bidea dela defendatu du Deiane Arrieta Eskumaldeko ELAren arduradunak. Hain zuzen ere, sindikatuko 50 bat ordezkarik egin dute gaur goizean elkarretaratzea Algortako Telletxe plazan, ekimenaren berri emateko. Eskaera nagusiak hiru izango dira. Lehenik eta behin, langile azpikontratatuei lanaren iraupena ziurtatzea esleipena beste enpresa bati emanez gero, "enplegurik ez suntsitzeko". Bigarrenik, gutxieneko lan baldintza batzuk legez ezartzea. Hain zuzen ere, sektore hitzarmenean finkatuta daudenak, edo, ez balego, indarrean egon den azken itunaren parekoak. Azkenik, lege horrek isunak eta zigorrak arautuko lituzke aurreko baldintzak betetzen ez dituzten enpresentzat. Argazkian, Eskumaldeko ELAko 50 bat ordezkarik egin dute kontzentrazioa Telletxe plazan.