Eusko Jaurlaritzari Udondo ibaiaren gaineko zubia babesteko espedientea zabaldu eta Kultura Ondare izendatu dezan eskatzea onartu du gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusien Kultura eta Euskara Batzordeak. Oposizioaren talde guztiek (EHBildu, PSE-EE eta PP) bat etorri dira popularrek aurkeztutako arauz besteko proposamena babestean. EAJ, aldiz, abstenitu egin da, ondareari buruzko horrelako ekimenak Eusko Legebiltzarrean adostu behar direla iritzita. Onartutako testuaren arabera, zubiari monumentu kategoria onartzea eskatu dute Batzar Nagusiek. Horretarako, "historian duen garrantzia" zein pasabidea egiteko erabilitako "industria ondarearen elementuak" azpimarratu ditu Arturo Aldecoa batzarkide popularrak. Izan ere, zubiaren burdin zati batzuk eraikitzeko Bilboko Areatzako zubi zaharraren "azken hondakinak" erabili zituzten. Udondoko zubia Gobela eta Udondo ibaien bokalea zeharkatzen duen zubia da, BI-711 errepidearen zati bat izanik. Leioako Udondo auzoan dago, Erandioko Axpetik hurbil. Udondo auzoan badaude beste zubiak ere baina hau da izena daramana. Argazkian, Udondoko zubia / cc-by Javier Mediavilla Ezquibela.