Osakidetzak Gorlizko ospitalean bi solairu itxita izatea deitoratu du SATSEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 10a, 00:29

Osakidetzak darabilen aurrezte neurriek larrialdi zerbitzuak "kolapsatzera daramatzatela" salatu du gaur SATSE erizaintza sindikatuak. Erizainen arabera, "gripe-epimediaren eraginez euskal ospitale gehienen larrialdi zerbitzuak kolapsatuta dauden" bitartean, euskal osasun zerbitzuak, "neurri ekonomizistak" jarraituz, murriztu egin ditu langileen kontratazioa eta hainbat erietxeetan gelak itxita mantentzen ditu, gaixoentzako ohe gutxiago eskainiz. Horren adibide nabarmena da Gorlizko ospitalea. Bertan, SATSEk jakinarazi duenez, "bi solairu itxita daude eta, beraz, ez dago aukerarik Gurutzetako erietxea korridoreetan arreta egiten dieten eriak bertaratzeko". Horren aurrean, Osakidetzako arduradunei "aurreikuspen eskasa" izatea leporatu diete: "arazoa lehertu denean, Osakidetzak itxitako unitateak zabaltzeko eta langileak korrika eta presaka kontratatzeko behartuta ikusi du bere burua", profesionalei zein pazientei hainbat traba sortzen. SATSEren ustez, arazoaren iturburua Gabonetan dago. Orduan Osakidetzak bi astez "itxi zituen agendak" osasun etxeetan eta anbulatorioetan eta, "aurrezteko", oporretan zeuden profesionalak ez zituztela ordezkatu. Erizainek bere kezka agertu dute egungo egoeragatik, non "gaixoak korridoreetan dauden, betiereko itxaronaldietan". "Egoera horrek ez du bermatzen pazienteari egonaldi duina ematea eta gaixoaren intimitatea eta konfidentzialtasuna galtzera dakar", salatu dutenez. Mediku eta erizainek ere larregizko lan karga daukatela eta horrek, baldintzei lotuta, "akats larriak" eragin ditzakeela zabaldu dute. Argazkian, Gorlizko ospitalea / cc-by Javier Mediavilla Ezquibela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun