Udaltzainek lagunduta, Ertzaintzak 19 urteko gizonezko bat atxilotu zuen joan den ostiralean Sopelan, genero indarkeria delitua egotzita. Zehazki, neskalagun ohiari etengabe tratu txarrak eman eta erasotzea leporatzen diote. Atxilo hartu zuten unean emakumea telefono kabina batetik deitzen ari zen, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera. Polizia iturriek diotenez, oldarkor erantzun zien identifikatu nahi zuten udaltzainei. Gainera, atxilotzera zihoazela, beste gizonezko batek atzetik eraso omen zien ertzainei.
Segurtasun Sailetik azaldu dutenez, zerbitzutik kanpo zegoen Sestaoko udaltzain batek lagundu behar izan zion Sopelako tokiko polizietako bati. Bion artean lortu zuten 40 urteko beste gizona, beste gaztearen laguna, atzematea. Horri agintaritza-agenteak erasotzea egotzi diote. Bestalde, ostiralean ere 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak Getxo udalerrian, 23:00ak aldera, bere bikotekidea jipoitzea leporatuta. Ustezko erasotzailea komisariara eraman zuten, mozkortuta zegoela, polizia iturrien arabera. Argazkian, azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguneko kontzentrazio bat eskualdean.