Urko paduran egindako auzolana "arrakastatsutzat" jo du Sopelako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 10a, 12:49

Abenduaren 28an Sopelako Udalak auzolana burutu zuen, Urko paduraren berreskuratze-ekologikoaren lehenengo mugarria jartzeko asmoz. Are gehiago, sopeloztarrei proiektuan parte hartzeko aukera eman nahi zieten. Ekimena "guztiz arrakastatsutzat" jo dute tokiko agintariek. Lehenengo kimuen landaketara adin guztietako auzokideak gerturatu ziren, giro ezin hobean, eguraldia egokiena ez zen arren. Lehenik eta behin, proiektuaren nondik norakoak azaldu ziren. Horren ostean, zuhaitz-landaketaren txanda heldu zen, eta eguna biribiltzeko, indarrak hartzeko hamaiketakoa. Auzolanaren bideoa eta argazkiak bere webgunean jarri ditu Sopelako Udalak. Argazkia: © Sopelako Udala.

Egitasmoaren helburua Gobela errekaren eta Lemotza errekatxoaren inguruko habitata biziberritzea da, haltzadi eta harizti moduko baso babesleak erabiliz. Ur gezako bi urmael egingo dira, mehatxupeko habitata ezartzeko eta inguruko bioaniztasuna bultzatzeko. Ingurumena biziberritzearekin batera, erabilera publikoa ere sustatu nahi da, igarobide, aisialdi eta naturarekiko harreman gune gisa.

Ibai-basoa birsortzeko, naturak berez, segida ekologikoa erabiliz, emango lituzkeen urratsak azkartuko dira. Lehenengo eta behin, zuhaixkak eta neurri txikiko zuhaitzak landatuko dira. Urtez urte, handituz joatean, berreskuratu egingo dira gerizpe eta freskura baldintzak; lurzorua helduagoa izango da; eta, azken batean, gero eta izaki bizidun konplexuagoen komunitatea hartuko du bere baitan, harik eta baso helduaren klimaxera iritsi arte. Horrela, gure lurraldean gainbeheran dauden habitat, hezegune eta ibaiertzeko basoen multzo bat hartzeko baldintzak betetzen dituen espazio baten ingurumen osasuna berreskuratu nahi da; gainera, bertan egongo ziren espezie asko gaur egun mehatxupean daude.

Urko padurako auzolanaren bideoa (© Sopelako Udala)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun