Biharko manifestazioa debekatu eta eragozteko "beharrezko neurriak" hartzea agindu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 10a, 15:23

Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak debekatu egin du bihar Bilbon euskal preso politikoen eskubideen alde Tantaz Tanta ekimenak antolatu duen "mobilitsasoa". Mobilizazioa egin ez dadin "beharrezko neurriak" hartzeko agindu die Ertzaintzari, Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari, Argia.com-ek zabaldu duenez. Goizean Pablo Ruz epaileak ez du delitu zantzurik ikusi, baina Eloy Velascoren esku utzi du auzia, hark erabaki zezan. Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak eskatu zuen atzo mobilizazioa debekatzeko, Tantaz Tanta dinamika Herriraren "oinordekoa" dela argudiatuta. Atzo igorritako idatzian, Carlos Bautista fiskalak zioen ezin dela onartu "manifestazio bat egitea, talde terroristaren zantzuak dituen talde batek deitua bada". Asteazkenean ETAren biktimen hiru elkartek eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijok ekimena debekatzeko eskatu zuten. Sare sozialetan, #NiBanoa etiketa azkar zabaldu da eta Estatu espainoleko 6. izatera heldu da. Bestalde, Ertzaintzak bihar egun librea zuten poliziak deitu ditu Bilbon operatibo handia egiteko, "El Mundo"-k zabaldutakoaren arabera. Halere, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak lehenengo balorazio batean azaldu du "Gobernuak biharko manifestazioa debekatzea oso larria eta ulertezina dela uste" duela. Bitartean, Tantaz Tanta batzartuta da debekua aztertzeko. Arratsaldean emango dute hausnarketaren berri, Kazeta.info-k jakitera eman duenez. Argazkian, Sopelako Herri Bilguneak Bilbora deitzeko egindako ekimeneko kartela / © Sopelako Herri Bilgunea.

Eloy Velasco epailearen autoa



Atzo Tantaz Tanta plataformak Bilbora joateko egindako azken deiaren bideoa (cc-by-sa Tantaz Tanta)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun