Ramiro Pinillak zabalduko du "Eztabaidak literaturarekin" zikloa Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 10a, 16:45

Bilboko Udalak asteartean jarriko du martxan "Eztabaidak literaturarekin" zikloaren zazpigarren edizioa. Aurten, 2013ko Euskadi Literatura Sariaren irabazleek irekiko dute: Ramiro Pinilla getxoztarrak eta Ramon Saizarbitoriak. Bi gonbidatuek Euskal Herriko literaturaren etorkizuna izango dute eztabaidagai. Hitzordua Bilboko Bidebarrieta liburutegiko areto nagusian izango da, eta Txani Rodriguez idazle eta kazetari laudioarrak moderatuko du, Udalak agiri baten bidez jakinarazi duenez. 2013ko Euskadi Literatura saria eskuratu zuten bi idazleek: Pinillak, gaztelaniazko sailean, "Aquella edad inolvidable" lanagatik, eta Saizabitoriak, euskarazkoan, "Martutene" liburuagatik. Bilboko Udaleko Kultura Sailak bultzatzen du "Eztabaidak literaturarekin" zikloa, eta idazleak publikoarengana hurbiltzea du helburu, hitzaldien bitartez, aurretik proposatutako gaien inguruan. Topaketa horiek hilabetean behin egiten dituzte, astearteetan, 19:30etik aurrera. Argazkian, Ramiro Pinilla / cc-public domain Ganix33.

Ramiro Pinilla

Ramiro Pinilla Bilbon jaio zen 1923an. 1961ean, "Las ciegas hormigas" eleberriarekin egin zen ezagun eta Nadal Saria eta Kritikaren Saria eskuratu zituen. "Seno" liburu dela bide 1971ko Planeta Sarian finalista izan ondoren, bere ibilbidea ohiko literatur zirkuituetatik at garatu du Ramiro Pinillak. Bere argitaletxea sortu eta liburuak bere kasa saltzeraino iritsi zen. 2004tik aurrera, "Verdes valles, colinas rojas" trilogiaren bidez gaztelaniazko literatur saririk garrantzitsuenetako batzuk irabazi zituen. 2005ean, eleberriaren Euskadi Saria jaso zuen lehen aldiz, eta hurrengo urtean Espainiako Kritikaren Saria eta Espainiako Narratibaren Saria eskuratu zituen. Horrela berriz ere lehen lerrora itzuli zen Getxoko Walden baserrian bizi den Pinilla, bati baino gehiagori idazle garaikiderik onenen artean dagoela erakutsiz. Horrelaxe berresten dute "La higuera" (2006), "Antonio B. el Ruso, ciudadano de tercera" eta "Sólo un muerto más" (2009) eleberriek, guztiak ere Tusquets Editores etxean argitaratuak.

"Aquella edad inolvidable"

"Aquella edad inolvidable" da, agian, bere lanik hunkigarriena. Etsipenari buruzko eta duintasunari eustearen inguruko istorioa, maitasun istorio bizia, familia-kontakizun hunkigarria eta alegia moral gogoangarria. Souto Menaya, “Botas”, ospea eta loria ezagutu arren orain zulo beltzean dagoen futbol jokalaria da. 1943ko Errege Koparen finalean gol historikoa egin ondoren, bere ibilbidea bat batean eten egin da, herren eta ia elbarri utzi duen lesio baten ondorioz. Igeltsero lana utzita futbolari profesional izatera iritsi den mutilak, herriko futbol taldeetatik Athletic-erako jauzia egiteko ametsa bete duenak, eserita egin beharreko lan bat behar du orain, eta kromoak kartazaletan sartzen hastea onartu behar izan du. Futbol-bildumetan bere argazkiarekin topo egitea, bizi duen hondamendiari umore beltzezko zipriztin bat gehitzea izango da. Patuak aurpegirik beltzena erakutsi zionetik, Soutok badaki bizitzako urterik onenak atzean gelditu direla, Irunerekin duen harremanari uko egin beharko diola eta gurasoen erretiro desiratuari agur esan. Garai bateko adin ahaztezin hura, aitari eskutik helduta Athletic-ekin negar eta barre egiten zuen sasoi hura ere dagoeneko ez zaio kontsolagarri... Baina orduan, kazetari bat berarekin gogoratuko da, eta proposamen tentagarria egingo dio.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun