Getxoko Kirol Portuan lotu gabeko kanalizazioak, apurtutako espaloiak, konpondu gabeko zuloak, pilatutako zaborra, erdoildutako heziak, txikitutako zuhaitz-txorkoak, utzitako paperontzi eta estoldak... bezalako "kalte handiak" daudela salatu du gaur PPk. Hori dela eta, instalazioak kudeatzen dituen Sociedad Pública del Puerto Deportivo El Abra de Getxo S.A. enpresarekin "larrialdiko batzarra" egitea eskatu dio Marisa Arrue tokiko popularren bozeramaileak Udalari. Kirol Portuan dauden arazoak aztertzea, horiek konpontzeko ekintza plana zehaztea eta horretaz nor arduratu behar den erabakitzea lirateke bileraren helburuak. Aipatu lekuaren "abandonu itxuragatik ezinegona" helarazi ei diete PPkoei auzokideek, Arruek gaineratu duenez. Horrekin batera, Kirol Portuko taberna eta jatetxeen terraza eta mahaitxoen inguruan "inolako kontrolik ez" dagoela adierazi du. Argazkia: © Getxoko PP.