Halere, bai Arraizek eta baita Ortuzarrek ere argi utzi dute gaurkoa "egoera berezi" baten aurrean emandako erantzun "berezia" izan dela. Ikusteke dago, beraz, kate luzeko lehenengo katebegiaren ala ekimen isolatu baten aurrean gauden.
Alderdi eta sindikatuen prentsaurrekoaren aurretik Tantaz Tanta ekimenak bertan behera utzi ditu biharko deialdiak sare sozialen bidez zabaldutako komunikatuan. Helburu guztiak betetzat eman ditu garrantzitsuena "lanerako filosofia" dela argudiatuz. Era berean, albiste-agentziek zabaldu dute biharko manifestazioa dagoeneko komunikatu egin duela herritar batek.
Ordu gutxietan mugimendu handiak
Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak arratsaldeko lehenengo orduan debekatu egin du bihar Bilbon euskal preso politikoen eskubideen alde Tantaz Tanta ekimenak antolatuta zuen "mobilitsasoa", Tantaz Tanta dinamika Herriraren "oinordekoa" dela argudiatuta. Mobilizazioa egin ez dadin "beharrezko neurriak" hartzeko agindu die Ertzaintzari, Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari. Horren ostean, abiadura bizian izan dira mugimendu politikoak eta proposamen ezberdinak sarean. Sare sozialetan, #NiBanoa etiketa azkar zabaldu da eta Estatu espainoleko 6. izatera heldu da. Ondoren, Ertzaintzak bihar egun librea zuten poliziak deitu dituela zabaldu da eta #JaurlaritzaEzBidaliErtzaintza eskatu dute euskal internautek.
Ezkorrenek Ertzaintza milaka laguni oldartzen aurreikusten zutenean, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea atera da plazara, "Gobernuak biharko manifestazioa debekatzea oso larria eta ulertezina dela uste" duela esateko. Ordu batzuk beranduago heldu da Tantaz Tantaren komunikatua, manifestazioa bertan behera utziz eta "garrantzitsuena lanerako filosofia" dela eta "agerikoa" dela "kanpaina arrakastatsua izan dela" eta "helburuak bete dituela". Tantaz Tantak sare sozialetan komunikatuaren berri eman bezain laster eman du EAJk Andoni Ortuzar eta Hasier Arraizen agerraldiaren berri. Orduan zeharo aldatu dira erreakzioak Interneten eta #EskerrikAskoVelasco etiketa zabaldu egin da, PP, AVT, Velasco eta Fernandez Diazi abertzaleen arteko akordioa eragin izana eskertuz.
Alderdi eta sindikatu abertzaleen agerraldia (© EITB)
Tantaz Tantaren komunikatua
Tantaz tanta ekimenak biharko itsasorako deialdia bertan behera utzi du, eta helburuak bete direla adierazi du
Entzutegi Nazionalak gaur emandako autoa ikusita, Tantaz Tanta ekimenak Bilbon bihar egitekoa zen itsasoa eta aurreikusitako ekimen guztiak bertan behera uztea erabaki du.
Tantaz Tanta ekimenaren elementu nagusia ez zen manifestazioa, logotipo bat edo ekimena aurrera eraman dugun pertsonak. Garrantzitsuena lanerako filosofia da, eta agerikoa da kanpaina arrakastatsua izan dela alderdi horretatik, eta helburuak bete dituela.
Duela aste batzuk adierazi genuen gauzak aldatu egingo zirela. Eta halaxe izan da, aldatu egin dira. Zergatik? Gu aldatu garelako. Orain guztiok tantak gara, gutako bakoitzak eginkizun bat du, ilusio bat, jabetu gara sakabanaketaren amaiera gure esku dagoela, eta itsaso bihurturik lortuko dugula.
Oraintxe hasiko da, beraz, presoak Euskal Herrira ekarriko dituen itsaso handi hori.
Itsaso horren indarra herri eta auzo guztietara bideratzeko gonbidapena egin nahi dizuegu. Gure ustez garrantzitsua da hurrengo hilabeteetan presoen eskubideen aldeko mobilizazioak ugaltzea Euskal Herri osoan, dinamika zabal eta pluralen bidez, herri bakoitzean gehiengoaren borondatea nabarmen gera dadin.
Marea hau sektore sozial guztietara ere eramateko eskatzen dizuegu. Artistak, kirolariak, kazetariak, abokatuak, medikuak, ikasleak... tanta guztiok busti dezakegu gure ingurua. Hortaz, arlo guztietan ekimen sektorial berriak martxan jartzeko gonbidapena egiten dizuegu, sakabanaketaren amaiera helburu.
Tantaz tanta, itsasoa gara
Lortuko dugu!
Tantaz Tanta