Pankartari alderdi eta sindikatu antolatzaileen militanteek eutsi diote, tartean Deiane Arrieta Eskumaldeko ELAren arduraduna. Horren atzean, kargu publikoak eta politikari eta sindikalista ezagunak izan dira. Besteak beste, Andoni Ortuzar, Joseba Egibar, Jose Luis Bilbao, Itxaso Atutxa, Bakartxo Tejeria, Koldo Mediavilla, Iñigo Iturrate, Xabier Agirre, Eneko Goia eta Markel Olano (EAJ), Hasier Arraiz, Pernando Barrena, Joseba Permach eta Rufi Etxeberria (Sortu), Martin Garitano eta Juan Karlos Izagirre (Bildu), "Txiki" Muñoz (ELA), Ainhoa Etxaide (LAB), Mertxe Colina (Abertzaleen Batasuna), Patxi Zabaleta, Rebeka Ubera eta Xabi Lasa (Aralar), Pello Urizar, Ikerne Badiola eta Alberto Unamunzaga (EA), Esther Capella (ERC) zein Asier Vega (Alternatiba) izan dira martxan. Ezker Batuko kideak ere parte hartu dute.
Haien atzean, euskal preso politikoen senideak ibili dira, ohi legez lerroka, martxako partaide askok bezala, euskal presoak eta iheslariak etxeratzeko aldarria duten banderak eskuan eta zapi zuriak lepoan. Txalo gehien jaso dutenak izan dira. Ibilbidean Nafarroako bandera franko ikusi da eta baita, Okzitania, Galiza, Gaztela, Korsika, Herrialde Katalanak eta beste hainbat naziotakoak ere. Era berean handia izan da euskal hintxen presentzia, Athelticek 6 eta 1 Almeriari irabazi ostean.
Politikariek martxa abiatu baino lehen egin dituzte deklarazioak, bakoitzak bere aldetik. Izan ere, manifestazioa bukatzean pankarta tolestu eta hitz bateraturik gabe amaitu dute ekitaldia. Orduan, euskal presoen aldeko leloek eta kantek hartu dute Bilboko udaletxeko plaza. Pare bat minutu pasatuta EAJko buruzagiek batera utzi dute lekua, aurretik bidaideak adeitsu agurtu dituztela, bostekoak, besarkadak eta musuak barne.
Antolatzaileen adierazpenak
Mobilizazioa abiatu aurretik, Joseba Egibar Gipuzku Buru Batzarreko presidentea eta Eusko Legebiltzarreko EAJren bozeramailea izan da lehenengoa balorazioak egiten. Bere ustez, Euzko Alderdi Jeltzaleak gaurko ekimenez “hasitako bidea, eraiki behar dugun garai berria, giza eskubideei zor zaien errespetuan oinarri hartuta eraikitzea nahi dugu, elkarrizketa eta akordioak izan daitezela talde politiko ezberdinen arteko harremanen funtsa, eta tartean gauden eragile guztiak, alderdi politikoek, erakundeek eta ETAk ere, euskal gizarteak exijitzen dituen urratsak ematea. Behin betiko finkatu beharra dugu herri honetako hiritar guztientzako bake eta bizikidetza eszenatokia. Hori da gaurko martxan honetan gure parte hartzea arrazoitzen duen zergatia: bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustua”.
Hasier Arraiz Sorturen presidentea mintzatu da Egibarren ostean. Arraizek deitu du "bakea eta konponbide prozesua" eraikitzen jarraitzera, "hemen euskaldunon artean". Bide horretan, gaurko ekimena "amaiera izan ezik hasiera bat izan dadin" espero izan du, "hainbat pertsonengan sortu dugun ilusioari erantzuteko, hemendik aurrera". Izan ere, azpimarratu du "egoera berezi baten aurrean erantzun berezia" eman dutela, "herri gisa eman dugulako" eta politikoak eta sindikalistak behar zen mailan egon direla, baloratu du, "euskal herritarrek eskatzen zigutenez". Horren aurrean, "Estatu espainolak Euskal Herriarentzako bake, demokrazia eta askatasun egoera ez" duela "nahi eta, gainera, gure herriari dagozkion eskubideak, norbanakoak eta kolektiboak, sistematikoki urratzen" dituelako egin du konponbideak Euskal Herrian bilatzearen aldeko apustua.
Aralarreko Patxi Zabaletarentzat, aldiz, “gaurko manifestazio honetako batasuna posible egin dute manifestazioaren beraren leloak. Lehendabizikoa, giza eskubideak, eta horrekin batera konponbidea eta bakea”. Era berean, Zabaletak gogora ekarri ditu “bidegabea den lege antiterroristaren erruz” egun atxilotuta dauden pertsonak. Amaitzeko, espetxe politika “ahalik eta azkarren” aldatzea aldarrikatu du.
Manifestazioa bideoan (© Hamaika Telebista)
Manifestazioa argazkitan