Velascoren ustez, bitartekariak atxilotu zituzten egunean balizko frogak desegiten saiatu ei ziren, Barne Ministerioak sarekada hasi baino lehen lau haizetara zabaldu zuela baliatuta. Orain gauza bera egin lezaketela argudiatu du epaileak espetxeratzea argudiatzeko. Era berean, Zulueta eta Enparantzari "(H) Alboka" sumarioan leporatutakoak eta auzi honetan egotzitakoak "antzekoak" direla onartu arren, bere ustez Zulueta eta Enparantza espetxeratu zutenean "erakunde terroristako" balizko kide izateari utzi zioten eta, beraz, Zuluetaren kasuan, 2010eko eta 2012ko ustezko partaidetza delituak bakarra beharrean bi eta ezberdinak liratekeela dio magistratuak. Zulueta delitu beragatik bi aldiz espetxeratu zuelako kargu hartu zion Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak Fernando Grande-Marlaska epaileari.
"Tratu egokia"
Pasa den larunbatean, Guardia Zibilak galdekatu zituen atxilotuak Madrilgo Tres Cantosko polizia etxean. Bitartekariek deklaratzeari uko egin zioten, baina konfiantzazko abokatuekin egoteko aukera izan zuten, hala nola, Ainhoa Baglietto eta Haizea Ziluagarekin. Baglietto eta Ziluagak adierazi zutenez, atxilotuek "tratu egokia" izan dute. Halere, Guardia Zibilaren aurrean agertu ostean zuzenean epailearengana zergatik ez zituzten eraman ulertezina egin zitzaien. Izan ere, atxilotu eta 72 ordu baino lehen epailearen esku utzi behar zituen Guardia Zibilak, baina "terrorismoaren kontrako legedia" aplikatu zieten, eta Velasco epaileak atxiloaldia luzatzeko baimena eman zuen, gaur arte.
Arantza Zulueta
Arantza Zulueta abokatua eta Lemoizko bizilaguna aurretik birritan atxilotu dute, beti ere Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. 2010eko apirilaren 14an, atxilotu zuten lehenengo aldiz, euskal preso politikoen abokatuen eta senideen aurkako sarekadan, Saioa Agirre eta Erramun Landarekin batera, eta urte bereko abenduaren 2an aske utzi zuten, baldintzapean, 60.000 euroko bermea jarri ostean. Zazpi hilabete besterik ez zuen kalean egin abokatuak. Izan ere, Fernando Grande-Marlaskak berriro galdekatu eta aske utzi zuen martxoan, baina uztailaren 13an Zulueta atxilotu eta espetxeratzeko agindua eman zuen. Zulueta Hernanin atzeman zuen Guardia Zibilak, ETArekin zerikusia izatea egotzita. Lau hilabete pasatuta, 2011ko irailaren 15ean, aske utzi zuten, beste 60.000 euroko fidantzapean. Orduan, Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak Zulueta ustezko delitu beragatik birritan atxilotzea leporatu zion Grande-Marlaskari. Pasa den urtarrialren 4an, Durangon burututako EPPKko preso ohien agerraldian izan zen Arantza Zulueta, besteak beste, Mitxel Sarasketa, Iñaki Gonzalo Casal eta Fernando Etxegarairekin batera.
Eloy Velasco epailearen autoa
Pasa den osteguneko ekitaldia Erandion