Espetxeratuek "konponbidearen alde" egin dute lan, dio Iñarrituk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 13a, 18:53

Eloy Velascok espetxeratu dituen Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) zortzi bitartekariek jardun "publikoa, soilik politikoa eta gatazkaren konponbidearen aldekoa" izan dutela azpimarratu du Jon Iñarritu Aralar alderdiko kide eta Amaiurreko diputatu areetarrak. Deklarazioak Velascok hartutako erabakiaren aurretik egin ditu Iñarrituk eta, besteak beste, zortziak askatzeko eskatu du. Auzitegi Nazionalaren atariraino joan da gaur diputatua, atxilotuei eta haien senideei elkartasuna adieraztera. Bertan, Espainiako Gobernuari ohartarazi dio bake prozesua ez oztopatzeko: "euskal gizarteak Bilboko kaleetan argi utzi zuen ez duela onartuko Euskal Herriko bake eta normalizazio prozesuaren kontrako erasorik". Argazkian, Iñarritu 2011ko azaroan Amaiurren ekitaldi batean / cc-by-sa Amaiur.

Era berean, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak Israeldik esandakoei erantzun dio Amaiurrekoak. Izan ere, Fernandezek zioen "manifestazio bat edo bi egitearren" ez duela espetxe politika aldatuko. Iñarrituk, baina, adierazi dio funtsa ez dela zenbat manifestazio egiten den, "euskal gizartearen gehiengoak horrela eskatzen duela" baizik. Era berean, sakabanaketa eta bestelako "salbuespen" neurriei amaiera jartzeko eskatu dio ministroari. Azkenik, kazetariek galdetuta, "El Mundo" egunkariak Lemoizen bizi den Arantza Zulueta abokatu espetxeratuari buruz atzo kaleratu zuen artikulua baloratu du. Ironikoki agertu duenez, Guardia Zibilaren ustezko entzuketak filtratzen ei duen testua "M-11 ETAk egin zuela esan zuen egunkariarengandik dator, ez 'New Yor Times'-engandik".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun